Goitik behera, BERRIA

BERRIA argiagoa, garbiagoa izango da gaurtik aurrera. BERRIA praktikoagoa, erabiltzeko errazagoa. Webgunea eta diseinua goitik behera aldatu ditu, baina ez da itxura bakarrik aldatuko.

BERRIAko lantaldea
BERRIAko Andoaingo lantaldea, berrikuntzei ekiteko prest. BERRIA
mikel p ansa
2023ko azaroaren 20a
05:00
Entzun

Gaur goizetik BERRIAren webgunean sartu diren irakurleek eta BERRIAlagunek azalberrituta sumatuko dute egunkariaren webgunea. Ia bi urte iraun duen gogoeta eta lan prozesu baten emaitza da. Irakurleei eta babesleei zerbitzu informatibo hobea eman nahi die BERRIAk, eta bihar papereko edizioa hartuko dutenek ere nabarituko dute berrikuntza. Hogei urteko bidea egina du BERRIAk, eta gaur goitik behera berrituta agertu da, baina ez du diseinua bakarrik berritu.

 

Apustu digitala

 

Euskarri digitaletan aurrerapauso bat egingo du BERRIAk: kudeaketa gunea, azpiegitura informatikoa eta oinarri teknologiko guztia berritu ditu erredakzioak, eta baita lan egiteko modua eta ordutegiak moldatu ere. Azken helburua euskaldunei sarean ere kalitatezko informazioa eskaintzea delako. Webguneak, itxura berria ez ezik, atal eta funtzionalitate berriak izango ditu, garai digitalei egokituagoak.

Diseinu argiagoa

Diseinua berritu du BERRIAk, modu integralean, webgunean bezala papereko edizioan, eta Iruñeko Somos Errea estudioaren laguntza izan du lan horretan. Feature eta Graphik letra tipoak erabiliz eta espazio zuriei garrantzi handiagoa emanez, webguneko testuak eta atalak argitsuagoak izango dira, eta irakurterrazagoak. Irakurleen eta BERRIAlagunen esperientzia hobetu eta erraztu nahi du BERRIAk, eta diseinuak horretan lagunduko du.

Egitura eta nabigazio argiagoa

Webgunearen egitura erabat aldatu da: BERRIAren azalean sartzen denak hobeto antolatuta aurkituko ditu eguneko albisteak, aktualitatea hobeto erakusteko aukera emango duen egitura batekin. Azal berrian, esku-eskura egongo dira eguneko eduki berri nagusiak, webgunearen hasieran. Podcastak, buletinak, bideoak eta Iritzia, Kultura eta Kirola sailak ere nabarmenduta azalduko zaizkio irakurleari. Gainera, BERRIAren ustez garrantzitsuak diren hiru gairen gaineko lanketa hobetuko du: feminismoak, ingurumenak eta Mendia kanalak leku bereziak izango dituzte azalean.

Azaleko egituran behera jarraituta, herrialdeetako informazioek eta astean nabarmentzen diren gaiek atal berezi bana izango dute, eta edukiak sailka antolatuta agertuko dira azalaren bukaeran: Euskal Herria, Mundua, Ekonomia, Bizigiro eta Komunikazioa. Webgunearen bukaeran agertuko dira estilo liburua, jolasak eta BERRIAren beste webgune batzuk. Gainera, BERRIAlagunek hor izango dute PDFa irakurtzeko aukera, gauero, papereko edizioa argitaratu bezperan.

BERRIA eskuko telefono batean.
 

Ezinbesteko menua

Atzera-aurrera ibiltzeko eta edukiak, sailak zein atalak topatzeko bideak erraztuko ditu webgune berriak. Menua funtsezko tresna bihurtuko da BERRIAren webgune berrian, eduki guztietara azkar iristeko bide erraz bat emango duelako. Pantaila zabaletan, webgunearen goiko ezkerreko aldean agertzen da menua; eskuko telefonoetan, azpiko barraren eskuinaldean.

Azken lau urteetan eskaintza asko zabaldu du kazeta honek, eta atal berri horien denen sarbideak egongo dira menuan: BERRIA Ikasgela, Mantangorri gehigarriaren webgunea, urteko liburu eta disko berrien ataria, Mendia kanala, Iker Markinezen errezetak, hilberriak, Euskaldundon Egunkaria-ren hemeroteka, Berbaxerka...

Bilatzailea

Bilatzailea ere eguneratu du BERRIAk, webguneko edukiak errazago topatzeko. Menuaren aldameneko luparen ikonotik sar liteke bilatzailera. Eta, botoi horren aldamenean, hiru ikono berri ere topatuko ditu erabiltzaileak. Webgunearen hiru berrikuntza nagusietara iritsiko dira ikono horien bidez: Azken berriak, Entzun Berria eta Nire Berria.

BERRIA eskuko telefono batean.
 

'Azken berriak'

Erloju itxurako ikonoak Azken berriak atala irekitzen du. BERRIAk azken 24 orduetan sortutako eduki guztiak zerrendatuta eta laburtutako agertuko dira hor. Azken berriak atalean sortu ahala agertuko dira albisteak eta artikuluak, eta irakurleak egunaren haria aise jarraitzeko tresna berri bat izango du.

BERRIA eskuko telefono batean.
 

'Entzun Berria'

Entzungailuaren edo aurikularren ikonoak atal berri batera eramango du irakurlea: Entzun Berria. Kasu honetan, entzulea esan beharko litzateke agian, atal horretan BERRIA entzuteko aukera izango baitu erabiltzaileak. Orrialde berezi horretan, BERRIAren podcast guztiak entzuteko aukera izango da, baina baita eguneko albiste eta iritzi nabarmenenak aditzeko aukera ere. Aurki tresna berriak izango ditu atal horrek, audioa entzuteko esperientzia hobetzeko.

Gainera, podcast berri bat jarri du martxan BERRIAk gaur bertan. Berriketan izena du, eta Iker Tubia kazetariak gidatuko du: gai esanguratsuen gakoak emango dituzte saio horretan, entzuleek gai horiei buruzko azalpen samurrak jaso ditzaten. Horretaz aparte, podcast berri gehiago lantzeko asmoa du BERRIAk.

Eta bestalde, Elhuyarreko Orai taldearekin elkarlanean, ahots sintetikoak garatu ditu BERRIAk, entzuleari egunkariko artikuluak irakurtzeko. Hori guztia egongo da eskura Entzun Berria atalean.

BERRIA eskuko telefono batean.
 

'Nire Berria'

Izarraren ikonoak, berriz, norberaren azala diseinatzeko aukera emango dio irakurleari. Nahi dituen gaiak edo egileak aukeratu, eta horiekin atondutako azala agertuko zaio atal berri horretan. Zerbitzu hori erabiltzeko aukera izango dute BERRIAlagunek, baina baita erregistratzen diren irakurleek ere. Izan ere, erregistratuta nabigatzen duten irakurleek zenbait abantaila izango dituzte aurrerantzean. Webgunearen goiko eskuinaldeko aldean dute erregistratzeko aukera.

BERRIA eskuko telefono batean.
 

Irakurle aurreratuak

Izena emanda nabigatzen duten irakurleek eta BERRIAlagunek, Nire Berria atala baliatzeaz aparte, aukera izango dute bai artikuluak gorde eta geroago irakurtzeko, bai gai edo egile jakinen artikuluak eskuratzeko. BERRIAlagun egin nahi dutenek, berriz, Babestu Berria botoian klikatu, eta hor izango dituzte diru ekarpenak egiteko proposamenak.

BERRIAlagunen abantailak

BERRIAlagunek abantaila gehiago izango dituzte horietaz gain. Zozketetan eta BERRIAren esperientzietan parte hartzeko modua dute, hainbat abantaila eta deskontu jasotzekoa ere bai, eta, horrez gain, PDFan irakur dezakete BERRIA guztia, paperean argitaratu bezperan. Gainera, BERRIA babesten duen komunitatearekin harremanak sendotzeko asmoa du egunkariak hemendik aurrera, eta parte hartzeko aukera berriak ere sortuko ditu.

BERRIAren papereko harpidetza dutenek eta BERRIAlagun digitalek baliatu ahalko dituzte aukera horiek guztiak. Eta horiek, webgunearen goiko eskuineko aldean agertzen den ikonoan izena emanda nabigatu behar dute.

Aldaketa osoa eta maila askotakoa abiatu du BERRIAk gaurtik aurrera, eta denbora beharko du webguneko atal guztiak doitzeko. BERRIArekin harremanetan jarri nahi izanez gero, idatzi [email protected] helbidera.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.