«Ustekabean» hartu zuten bi kazetariek podcasta aurkezteko proposamena. «Urduritasun puntua eta ardura nahasten dira, pozarekin batera», dio Reyk. Eslaba ere berdintsu sentitzen da: «Sekulako ilusioa dut, baina ardura sentitzen dut. Opari bat da kazetaritza podcast feminista bat egitea».
Bi kazetariek nabarmendu dute ez direla hutsetik hasiko, ibilbide aitortua baitu dagoeneko Berria FM-k.
Galardik gidatzen zuen etaparekin alderatuta, aldaketa nagusia izango da bi ahotsetara arituko direla. Reyk azaldu du horrek berak aldaketa dakarrela: «Gure etaparen ezaugarria izango da bion arteko dialogoa. Bion arteko elkarrizketan arituko gara, hasieratik bukaerara arte, eta gure arteko harremana ere islatuko da podcastean». Eslabaren arabera, edukiak antzekoak izango dira, baina forma aldatuko da. Edukiak laburragoak izango dira. Reyren arabera, podcastak lehen baino osagai gehiago izango ditu, «horrek dakarren dinamismoarekin». Tarteka, «modu informalean» arituko dira, baina «zorrotz».
Aurreko etapan, atal batzuk gai bati buruzkoak izaten ziren. Aurrerantzean, aldatu egingo da hori. Begiz joko dute gairen bat, baina ez dituzte egingo saio monografikoak. Eslabak iragarri du saiatuko direla aniztasuna bilatzen formatuetan.
Aktualitateari helduko diote podcastean bi astean behin —asteazkenetan jarriko dute entzungai, aurreko denboraldietan bezala—. Reyk hala iragarri du: «Lehen ere heltzen zitzaien pil-pilean zeuden gaiei, baina guk atal bakoitza baliatuko dugu bi asteko atzera begirako bat egiteko, errepasatzeko zer gertatu den, eta askotan horrek aginduko digu zer landu behar den ezinbestean».
Podcastaren grabaketak Iruñeko Euskalerria Irratiaren estudioetan egingo dituzte. Abantailak ikusten dizkio horri Eslabak: «Oso aukera ona da erosotasun eta kalitate aldetik. Berria Multimediako teknikariak hor dauzkagu beti, baina estudio batean grabatzea beti da ona soinuarentzat». Programa Iruñean egiteak ere izango du eragina, Reyren iritziz: «Nafarroako ahotsak jasotzeko erraztasunak emango dizkigu horrek».
Edukiei dagokienez, albisteen errepaso «kritiko» batekin hasiko dute beti atal bakoitza. «Aukeraketa bat egiten da: guk erabakitzen dugu zer lerroburuk merezi duen berriro irakurria izatea», dio Reyk. Haren iritziz, Nagore Arinek BERRIAko Kinka podcastean «ederki» egiten du hori, krisi ekologikoari helduta.
Bestetik, genero gaiak lantzen dituzten BERRIAko kazetariak eramango dituzte podcastera. Eslabak iragarri duenez, askotariko gonbidatuak izango dituzte. «Haien artean BERRIAko kazetari feministak egongo dira, eta haien ekarpena baliatuko dugu. Podcasta aberastuko dute». Atzean ari den lantaldeak «lasaitasuna» ematen diela nabarmendu dute biek.
Asteazkenean, etapa berriko lehen atalean, Martxoaren 8aren bueltako hainbat eduki landuko dituzte Berria FMn. Egun horrek izan duen bideaz eta haren dimentsioaz mintzatuko dira. Baita zaintzaz ere, zaintza hartu baitu gaitzat mugimendu feministak.
Podcastaren sintonia berria eta kareta nagusia Mauriziak Ez Dau Inor Hil musika taldeak egin ditu.