Gipuzkoako hiriburuan telesail eta film ugari grabatzen ari dira azkeneko hilabeteetan. Eta, aurten, Netflix plataformaren Berlin telesailaren bigarren denboraldiko hainbat atal grabatuko dituzte bertan. Donostian ez ezik, Madrilen eta Sevillan ere (Espainia) filmatuko dituzte atal berriak. La casa de papel telesail arrakastatsuaren aurreneko spin-off-a da Berlin. Lehen denboraldiak oso datu onak lortu zituen: estreinatu zuten asteburuan, 2023ko azken egunetan, munduko lehen tokira iritsi zen. Ondotik, 56,7 milioi ikustaldi baino gehiago izan ditu aurreneko denboraldiak: ingelesezkoak ez diren telesailen artean, Netflix plataformako sailkapenaren hamargarren tokian dago. Munduko 91 herrialdetan sartu zen lehen 10en artean. Netflixek iragarri duenez, hasiak dira atal berriak filmatzen.
Pedro Alonso aktoreak jokatzen du rol protagonista: Berlin lapurrarena. Lehen denboraldian bezala, haren lapur talde osoak parte hartuko du abentura berrietan: Michelle Jenner, Tristan Ulloa, Begoña Vargas, Julio Peña Fernandez eta Joel Sanchez aktoreak daude talde horretan. Aurreneko denboraldian, Euskal Herriko bi aktorek parte hartu zuten: Itziar Ituñok eta Najwa Nimrik. Atal berrietan ez duela parte hartuko azaldu dio BERRIAri Ituñok; une honetan Extremaduran (Espainia) dago Basauriko (Bizkaia) aktorea, beste telesail batean lanean.
Sevillan lapurreta bat egingo du Berlinen taldeak. Eta hiri horretako trametan pertsonaia berriak agertuko dira. Rol horiek jokatzen arituko dira Inma Cuesta, Jose Luis Garcia-Perez eta Marta Nieto, besteak beste.
Telesailen sortzailea eta ekoizlea Alex Pina (Iruñea, 1967) da. Donostian bizi izan zen 5 urte zituenetik unibertsitatera joan zen arte. Informazio Zientziak ikasi zituen Nafarroako Unibertsitatean. 2016an, Vancouver Media ekoizpen etxea sortu zuen. La casa de papel telesaila Atresmedia taldeak estreinatu zuen, baina Netflix plataformara iritsi zenean hartu zuen indarra. Ez nolanahikoa: Itziar Ituño aktoreak, esaterako, munduan barrena zale ugari ditu fikzio horretan egindako pertsonaiaren eraginez. Vancouver Media ekoiztetxearekin, beste honako telesail hauek ere sortu ditu Pinak azkeneko urteetan: El embarcadero, White Lines, Sky Rojo eta El refugio atómico. Azken hori aurten estreinatuko du Netflixek, eta aktore protagonisten artean Miren Ibarguren dago (Donostia, 1980).
Beste grabaketa batzuk
Gipuzkoan aurrekontu handiko telesail batzuk grabatu dituzte azkeneko hilabeteetan: Apple TV Plus plataformarentzat, Vince GilliganenWycaro telesaila aritu ziren grabatzen Getariako hotel batean; ETAren inguruko telesail bat grabatu zuten urrian Donostian, Errenterian eta Hondarribian:La Frontera. Azken hori zein plataformak estreinatuko duen ez dute argitu oraindik. Maria Pulido eta Yolanda Centeno dira zuzendariak.
Netflixek, era berean, ETAn sartzen den guardia zibil baten inguruko film bat estreinatuko du aurten: Un fantasma en la batalla. Lapurdin eta Gipuzkoan grabatu zuten, eta zuzendaria Agustin Diaz Yanes da.