Ikus-entzunezkoak

'Berlin' da Netflixen gehien ikusi den telesaila ingelesez bestekoetan

Itziar Ituño eta Najwa Nimri euskal herritarrak daude aktoreen artean. Azken astean gehien ikusi den telesaila izan da Egipton, Marokon, Jordanian, Omanen, Pakistanen eta Saudi Arabian.

Itziar Ituño eta Najwa Nimri 'Berlin' telesailean.
Itziar Ituño eta Najwa Nimri, 'Berlin' telesailean. NETFLIX
urtzi urkizu
2024ko urtarrilaren 26a
12:00
Entzun

Alex Pina gidoilari eta ekoizleak (Iruñea, 1967) sortutako Berlin telesaila sekulako datuak lortzen ari da Netflixen, mundu osoan. Estreinatu eta berehala jarri zen aurreneko tokietan: lehen lau asteetan, munduan gehien ikusi den telesaila izan da Netflixen, ingelesez bestekoetan. Herrialde batzuetan, gainera, telesail guztien artean —ingelesezkoak barne— lehena da: Egipton, Marokon, Jordanian, Omanen, Pakistanen eta Saudi Arabian. Itziar Ituñok Raquel Murillo inspektorearen rola jokatzen du telesailean, eta azkeneko ataletan agertzen da. Najwa Nimrik, berriz, Alicia Sierra poliziarena egiten du, eta bi euskal aktoreak elkarrekin ari dira harribitxi batzuk lapurtu dituzten lapur protagonisten atzetik.

Azkeneko astean, Berlin telesailak bost milioi orduren ikustaldiak izan ditu. Aurreko asteekin alderatuta, apalagoa da zenbatekoa. Kontuan hartu behar da abenduaren 29tik 31ra, hiru egunean, 74,3 milioi orduren ikustaldiak izan zituela. Baina, edonola ere, epe laburrean Netflixen historian gehien ikusi diren telesailen zerrendan sartzea lortuko du. Berlin telesaila La casa de papel arrakastatsuaren spin-off bat da, eta Berlin pertsonaiaren bueltan eraiki dute Vancouver Media ekoiztetxekoek.

Berlin telesailaren trailerra.

Munduko herrialde ugaritan sekulako arrakasta lortu zuen La casa de papel telesailak. Pina sortzaileak Erresuma Batuko hedabide batean adierazi du The Bunker telesail berrian ari dela lanean. Aipatu du La casa de papel goian zegoenean utzi ziotela hura grabatzeari, bosgarren denboraldian. Baina ez du baztertu seigarren denboraldia osatzea edo spin-off gehiago egitea.

Berlin telesailean ez ezik, Ituño beste telesail batean ere ikusi ahalko da datozen asteetan: Toure detektibea-n. Primeran plataformak datorren ostegunean estreinatuko du. Basaurin (Bizkaia) jaiotako aktorea gaztelaniazko film batean ari da lanean orain, eta, hemendik aste batzuetara, euskarazko pelikula berri batean egingo du lan. Aktorea protagonista izan zen Netflixeko beste telesail batean: Intimidad-en. Fikzio hura ere Netflixen gehien ikusitako telesaila izan zen ingelesez bestekoetan. Txintxua Films-ek ekoitzi zuen.

Netflixek gorantz jarraitzen du

Nazioarteko streaming plataformen artean, Netflix da datu onenak lortzen ari dena. 2023. urtean, Netflixen irabaziak %20,3 igo ziren; 4.984 milioi euroren irabaziak izan zituen, hain zuzen. Iazko azken hiruhilekoan 861 milioi euro irabazi zituen enpresak. Espero dute 2024ko lehen hiruhilekoan irabaziak %13,2 handitzea.

Gaur egun, Netflixek 260,28 milioi harpidedun ditu. Lehen tokian da, beste plataformen aurretik. 2023ko laugarren eta azken hiruhilekoan 13,13 milioi harpidedun berri lortu zituen. Hartaz, urte osoan 29,53 milioi harpidedun berri bereganatu zituen plataformak. Iragarri dute 2024ko lehen hiruhilekoan beste 1,8 milioi harpidedun erakarri ditzatekela.

Bestalde, Netflixek hitzarmen bat egin du berriki World Wrestling Entertainment enpresarekin, AEBetako borroka libreko ikuskizunak emateko. Akordioa hamar urterako da, eta 2025ean ekingo diote ikuskizun horiek ordainpeko plataforman emateari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.