«2000. urtean hasi eta bizirik gaudela ikustea pozgarria da». Kontent dago Hasier Etxeberria Sautrela saioaren aurkezle eta zuzendaria. Baditu horretarako arrazoiak: euskal literaturak telebistako espazio propioa berreskuratu du. Hamabi urte eta 351 atalen ostean, iazko apirilaren 8an eman zuten azken Sautrela; diru faltaren aitzakian kendu zuten programaziotik. Bihar itzuliko da ETB1era literatur saioa; Gaur Egun eta eguraldiaren iragarpenaren ondoren emango dute, 15:00etan.
Ramon Saizarbitoria izan zen azken gonbidatua. Sautrela-ko «altxor» batek hartuko dio lekukoa itzuleran: 2000. urtean egindako Gabriel Arestiri buruzko erreportajeak. «Lan izugarri ona da Arestirena. Eskoletan-eta ikasten da, baina benetako muina ulertzeko, nire ustez, lan hori ikusi behar da», azaldu du Hasier Etxeberriak. Angel Zelaieta, Joxe Azurmendi, Koldo Izagirre, Natxo de Felipe eta beste hainbatek Arestiren «benetako izaerari» buruz hitz egiten dute. Erreportaje luzea da, eta bi zatitan emango dute. Bigarrena, datorren larunbatean.
Miren Agur Meabe elkarrizketatuko du ondoren Etxeberriak. Orain hilabete batzuk kaleratu zuen Kristalezko begi bat eleberria. «Liburu gogoangarria da; gaur egungo idazle oso konprometitua da».
Iraganeko liburuak
Beñat Sarasola izango da saioko berrikuntzarik nabarmenena; aspaldi argitaratutako liburuak gogoraraziko ditu. «Iraganeko liburu garrantzitsuak berriro bisitatuko ditugu. Merezi al du liburu horrek gaur berriro irakurtzea? Nork irakurri behar du? Zergatik gelditu da zaharkitua?». Galdera horiei erantzungo die Sarasolak. Txomin Agirreren Kresala izango du hizpide lehen atalean.
Literatura gai baten inguruko erreportajea eta idazle bati eginiko elkarrizketa saioaren oinarriak izaten jarraituko dute. «Beste pieza literario gehiagorekin osatuko ditugu oinarri horiek».
Datorren astean, Arestiren erreportajearen bigarren zatiarekin batera, Fermin Etxegoien elkarrizketatuko dute Zinegotzia eleberriaren inguruan. Sarasolak, berriz, Joxe Austin Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoa ekarriko du gogora.
Hurrengo saiotan elkarrizketatuko dituzten idazleen zerrenda luzea du Etxeberriak esku artean: Lourdes Oñederra, Uxue Alberdi, Peru Magdalena eta Jon Sarasua, besteak beste. «Gure fauna Felkarrizketatuko dugu». Erreportajeetan lantzeko gaiak ere ez zaizkio falta; euskal idazle belaunaldi berrien egoera, euskarazko liburuen salmenta eta Nobel literatura sarien eginkizuna aztertuko dituzte datozen saiotan. «Betiko gure gaiak erreportaje eta elkarrizketa bidez landuko ditugu».
Azken hamabi urteetan, Etxeberriak nazioarteko idazle dezente elkarrizketatu ditu. Horrela, euskal idazleei eskainiko tarteaz gain, Sautrela-ren jarraitzaileek Jose Saramago, Gao Xinjiang, Paul Auster edo Quim Monzoren hitzak ere entzun ahal izan dituzte. «Garai onenetan, Paris, Bartzelona edo Madrilera joaten ginen idazleak elkarrizketatzera». Murrizketak direla eta, bidaiak egiteari utziko diote. Hala ere, horrek ez du esan nahi nazioarteko idazleek saioan tokirik izango ez dutenik. «Honantz datozen idazleen profitamendua egingo dugu. Hiruhilabeteko honetan, Rafael Chirbes idazle bikaina elkarrizketatuko dugu».
ETB1en nortasuna
Ikusle datuetatik harago, Etxeberriak uste du «garrantzitsuena existitzea» dela. Ekarpen handia egin baitio saioak euskal kulturari, eta hala onartu izan diote. «Euskararen literatur sistema normala balitz bezala bistarazi dugu, eta kontuan hartu dugu idazleak, liburuak, liburutegiak, editorialak... hor daudela». Literaturaren bueltan bizi den jendeaazaleratzen jarraituko du saioak. Hizkuntza gutxituetan literaturak duen eginkizuna ezinbestekotzat jotzen du Etxeberriak. «Hizkuntza gutxituak behar-beharrezkoa du norbaitek tira egitea, eta idazleak dira hizkuntzari aurrera eginarazten diotenak». Horrexegatik deritzo garrantzitsua telebista publiko batek hizkuntzak horren beharrezkoa duen arlo bati erreparatzea.
Larunbat bazkalostean saioa ezin ikusi duenak beti izango du Nahieran atarian jarraitzeko aukera. Azken hamabi urteetan makina bat idazle elkarrizketatu eta beste horrenbeste erreportaje egin dituzte. Aspaldiko asmoa dute eduki horiek guztiak idazleen arabera sailkatzeko, baina orain arte ezin izan diote lan horri heldu. «Ez bakarrik literaturazalearentzat, eskola mundurako ere ekarpen handia da. Lan erraldoia da, baina gure asmoetatik ez dugu erauzi».
Diru faltaren aitzakian kendu zuten Sautrela programaziotik, baina, paradoxikoa bada ere, murrizketa garai betean itzuli da. «ETB1en aldeko apustua «benetan» egin delakoan dago Etxeberria. «Kateari nortasuna ematen dioten emanaldiak behar dira, eta Sautrela horietako bat da. Bere txikian, Sautrela hor egoteak asko adierazten du. Ez da masa saio bat, baina jarraitzaile oso fidelak ditu».
Komunikazioa
«Bere txikian, 'Sautrela' hor egoteak asko adierazten du»
Hasier Etxeberriak aurkezten eta zuzentzen duen 'Sautrela' literatur saioa bihar itzuliko da ETBra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu