Euskarazko Internet bidezko telebista saio arrakastatsuenetakoak amaitu du bere ibilbidea. Atzo jarri zuten Beranduegi saioaren 100. eta azkeneko atala Argia-ko webgunean. «Zikloa amaitu du saioak, eta gogoa dugu gauza berriak probatzeko». Horrelaxe azaldu du Gorka Bereziartua Argia-ko kazetariak saioarekin amaitu izanaren arrazoia. Hamaika eta Goiena telebistetan ere eman dituzte Bereziartuak eta Unai Break aurkeztutako umorezko albistegiak.
Gaur-gaurko gai politikoen eta sozialen inguruko umorea egin du Beranduegi saioak bi urte eta erdi horietan. «Gu kazetariak gara, eta gaur-gaurko gai horiek modu serioan lantzen ditugu. Hau umorearen alorrean egindako sartu-irten txiki bat izan da», azaldu du Bereziartuak. Euskarazko telebistan zegoen gabezia bete du saioak; izan ere, ez zegoen gaur-gaurko gaiak umorearekin eta ironiarekin jorratuko zituen horrelako euskarazko saiorik. «Beste formatu batean, baina Irrikitown saioa dago orain».
Saio berezia izan zen atzokoa; azken berrogeita hamar saiotan grabatutako esketx onenak bildu zituzten amaiera gisa. Hastapenean, prentsa idatzian kazetari gisa lanean zirela, proba bat egitea otu zitzaien Bereziartuari eta Breari. «Hasi ginenean erdi esperimentu gisa planteatu genuen saioa. Geure buruari erronka bat bota nahi genion: ea gai ginen saio bat modu jarraituan ikasturte batean egiten».
Argia-ko kazetariek ez zuten espero ehungarren saio bat egingo zutenik ere. «Horrenbeste iraun eta gure ikusle taldetxoa egingo genuenik ezgenuen sinistu ere egingo orduan».
Batez besteko zenbat ikus-entzule izan dituzten jakitea zaila da, hainbat plataformatan egoten baita ikusgai Beranduegi. Asteartero Vimeo plataforman jartzen zituzten. Plataforma horrek emandako datuen arabera, batez besteko 1.500 bat ikus-entzule zituzten saio bakoitzeko. «Youtuben ere badago ikusgai, eta Hamaika telebistako eta Goiena telebistako ikus-entzuleak ezin ditugu zenbatu».
Beranduegi-ren jarraitzaileak
Saioaren arabera, ikus-entzule gehiago edo gutxiago izan dituztela dio Bereziartuak. «Aske Guneari buruzkoa egin genuenean, bisita dezente gehiago izan genituen. Gaur-gaurko gai beroak jorratu ditugunean, ikus-entzule gehiago izan ditugu».
Erabilgarriak izan zaizkie oso sare sozialak Beranduegi-ko edukiak zabaltzeko. «Proiektu komunikatibo txikia gara, eta sare sozialak erabili ditugu gure edukiak zabaltzeko, bestelako modurik ez genuelako». Twitterren euskaraz dabilen komunitateak eduki horiek zabaltzen asko lagundu dietela dio Bereziartuak. «Gure edukiak ikusi eta zabaldu duten horiei asko zor diegu».
Ikus-entzuleen estimua jaso ez ezik, beste sari batzuk ere irabazi ditu Beranduegi web telebistak. 2012an Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietako Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen.
Internet eta teknologia berriek kazetariei «jolasteko aukera» asko ematen dietela dio Argia-ko kazetariak. «Orain posible da. Lehen idatzizko hedabide batek ikus-entzunezko bat egitea garestiagoa zuen, banaketa bera ere zailagoa zen».
Datorren ikasturteari begira beste zerbait garatzeko asmoa badutela aitortu du Bereziartuak. Halere, ezer zehatzik ez dute buruan. «Atseden pixka bat hartu eta gero hasiko gara ideia berriekin lanean». Argia webguneko multimedia kanalean dokumentalak, hitzaldiak... eta beste eduki ugari dituzte. «Ideia ikus-entzunezko programazio hori elikatzen jarraitzea da».
Komunikazioa
'Beranduegi'-k 100. saioarekin batera agurtu ditu ikus-entzuleak
Bi urte eta erdi eta ehun saioren ostean, amaitutzat eman dute euskarazko web tv arrakastatsuenetakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu