'Berandu baino lehen' saioak %3ko kuotarekin amaitu du bidea ETB1en

ETBko programen buruak esan du «oraingoz» ez dutela egingo horrelako elkarrizketa saiorik

Ilaski Serrano kazetariarekin eginiko elkarrizketak %3,5eko ikusle kuota izan zuen astearte gauean. BERRIA.
urtzi urkizu
2016ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Astearte gauean eman zuen ETB1ek Berandu baino lehen elkarrizketa saioaren azkeneko atala. 22 programa eta 44 elkarrizketaren ostean, bukatu da haren bidea, ETBk erabaki baitu datorren denboraldian ez duela jarraituko. Urtarrilaren 14an estreinatu zuten saioa, eta lehen kontratua lau atalerako izan zen.

Datu oso onekin amaitu da Fermin Etxegoienek zuzendutako eta aurkeztutako saioa: asteartean, %3ko ikusle kuota lortu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan—Anje Duhalderen elkarrizketak %2,4ko kuota, eta Ilaski Serranorenak, %3,5—. Asteartean, ETB1 kateak egun osoan izan zuen bataz besteko kuota %0,9 izan zen. Horrenbestez, katearen kuota hirukoiztu baino gehiago egin zuen Berandu baino lehen-ek.

Gorka Garcia ETBko Arte eta Programen zuzendariak esan du ETBk oso ontzat ematen duela saioaren bidea: «Hasieran, atal gutxi batzuk baino ez genituen egin behar, eta, azkenean, 22 egin dira». Bai faktura, bai kalitate aldetik, emaitzak «oso gustura» utzi du ETB, Garciaren arabera. «Argi ikusi dugu Fermin Etxegoienek bere tartea duela ETB1en». Kazetariaren estiloa ere goraipatu du programen arduradunak: «Etxegoienen elkarrizketak bereziak dira, aberatsak, eta ez dute inor epel uzten. Ekarri garrantzitsua eta ustekabe ona izan da saioa».

Baina laudorio horiekin kontraesanean, saioa kenduko dute, eta ETBko zuzendaritzako kideak esan du oraingoz ez dutela egingo horrelako elkarrizketa saiorik. «Elkarrizketak izango dira, jakina, egingo ditugun saioetan, baina horrelako elkarrizketa tarte bat ez dugu egingo oraingoz».

Programak zergatik ez duen jarraituko galdetuta, Garciak erantzun hau eman du: «Elkarrizketa denboraldi luzea egin du Berandu baino lehen-ek, eta deskantsu bat behar duela uste dugu. Ez dugu baztertzen, dena den, aurrerago saioa berreskuratzea».

Etxegoienek ulergarritzat jo du saioari atsedena ematea: «Ulertzen dut 22 saio egin ostean gero eta zailagoa dela prime-time-rako egokitzat jotzen diren pertsonak aurkitzea». Izan ere, «aldez aurretik ezagupen maila handi samarra duen jendea» eskatzen du kateak saiora eramateko. Horrekin batera, Etxegoienek aipatu du pertsona batzuek ez dutela saiora joan nahi.

Telebistari eta ETBri lotuak izan ziren saioko azkeneko elkarrizketatuaren hitz asko. Ilaski Serranok bere iritzia eman zuen ETBri buruz: «ETBk ez lituzke saioak kopiatu behar. Ez dago dirurik horretarako. Bestetik, gure nortasunari erantzuten dion telebista egin beharko genuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.