Euskaldunon Egunkaria-ren hamahiru urteetan kazetari lanetan aritu zen Pello Urzelai (Bilbo, 1961). BERRIAn Politika sailean aritu zen aurreneko bederazi urteetan. IKT Informazio eta Komunikazio Teknologien arduraduna da 2012ko irailetik.
Azkeneko lau urteetan sekulako gorakada izan dute telefono bidezko bisitek Hekimeneko hedabideetan zein BERRIAn. Nola ari da egokitzen BERRIA egoera horretara?
Gaur egun, esan daiteke telefonoa dela pantaila nagusia, erabilera denbora eta erabiltzaile kopurua kontuan hartuta. Hedabideen munduan, gero eta eragin handiagoa du. 2011n, trafiko gehiena ordenagailu bidez heltzen zen (%96,73), eta telefono bidezko kopurua txikia zen (%3,16), eta are txikiagoa tableta bidezkoa (%0,1). 2015ean, trafikoaren %61,5 ordenagailu bidezkoa da, %30,5 telefono bidezkoa, eta %7,9 tableta bidezkoa. Hori ikusirik, edukiak responsive disenuaren bidez telefonoetara egokitzeaz gain, Berria Astekaria aplikazioa kaleratu du BERRIAk, asteko artikulu hautatuak gailu eramangarrietara bereziki egokituta. Eta, gaur egun, buru-belarri ari gara laneanBERRIAren eduki guztiak eskainiko dituen aplikazio moderno eta erakargarri bat kaleratzeko.
Zer harrera izan du Berria Astekaria aplikazioak?
Harrera ona izan du, kuantitatiboa eta kualitatiboa. Une honetan, 1.900 lagun inguruk daukate instalatuta aplikazioa. Ia astero erabiltzen dute. Oro har, balorazio onak jaso ditugu, bai diseinu aldetik, bai kontzeptu aldetik. Oso eskaintza interesgarria da asteko errepasoa egiteko; hau da, denbora faltagatik irakurri gabe gelditu diren artikulu on horiek berreskuratzeko.
Udaberri honetan aplikazio berri bat kaleratuko du BERRIAk. Zer ezaugarri nabarmen izango ditu?
BERRIAren eduki guztiak telefonoan ahalik eta erosoen eta errazen irakurri edota ikusteko diseinatuta dago aplikazio berria. Push jakinarazpenen bidez azken orduko alertak eskainiko ditu. Erabilera pertsonalizatzeko aukerak ere eskainiko ditu: artikuluak gorde, menu nagusia ordenatu...
BERRIAlagunekin nolako sistema garatu nahi da?
BERRIAlagunak dira BERRIAren proiektuaren zutabe nagusietako bat. Haien parte hartzea handitu eta zuzenagoa izan dadin, mundu digitalean ahaldundu nahi ditugu BERRIAlagunak. BERRIAlagun bakoitzak bere kontua sortu ahal izango du, zenbait zerbitzu, aukera eta abantaila baliatzeko (artikuluak gorde, zozketetan parte hartu, PDFn irakurri...). Sistema berria laster jarriko da martxan webgunean, eta pixka bat geroago aplikazio berrira eramango da. BERRIAlagunek laster jasoko dituzte sistema berriaren xehetasun guztiak. Komunitate sendo bat osatzea funtsezkoa da. Elkar elikatzeko, elkarrekin hazteko, beharrizanetara batera egokitzeko... Nola landu? Harremanetan sakonduz, sinesgarritasuna eta konfiantza zainduz, parte hartzea erraztuz, eduki erakargarriak sortuz, egunero zerbait berezia eskainiz...
BERRIAk Twitterren 42.400 jarraitzaile baino gehiago ditu. Ez da datu txarra, ezta?
Datu bikaina da. Euskarazko hedabideen artean, jarraitzaile gehien du BERRIAk. BERRIA aintzindari izan zen Twitterren, eta gaur egun erreferente nagusia da, euskarazko hedabideen eremuan. Sare sozialak garrantzitsuak diraBERRIArentzat, trafiko iturri handiak direlako: Twitter eta Facebooken artean, guztiaren %26. Irakurleekin harremanetan egoteko ere oso baliagarriak dira sare sozialak.
Nahiz eta paperezko publizitatea nabarmen jaitsi eta irakurle kopurua txikiagotu den, BERRIArentzat paperezko euskarria garrantzitsua da oraindik. Hala izango da gerora ere?
Benetan garrantzitsua informazioa da, edukia. Hori da gakoa. Gaur egun, eduki hori euskarri guztietan zabaldu behar da. Paperezko euskarria, jakina, garrantzitsua da BERRIArentzat, batez ere, gogokoa delako irakurle askorentzat. Aurrerantzean ere gogokoa izaten bada, euskarri garrantzitsua izango da, baina argi izanda gazte belaunaldiak euskarri digitalen aldekoak direla nabarmen.
PRENTSAREN TRANTSIZIO DIGITALA (ETA X). Pello Urzelai. BERRIAko IKT arduraduna
«Benetan garrantzitsua informazioa da, edukia»
Irakurleen kontsumo ohitura berrietara egokitzen ari da azkeneko urteetan BERRIA Taldea. Harrera ona du Berria Astekaria aplikazioak. Laster aplikazio berri bat sortuko du egunkariak, eduki guztiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu