Benetan ari dira, zuzenean

ETB1eko 'Autentikoak' saioa ostegun gauetan egiten dute, Miramongo egoitzan, zuzenean. Saioaren bi aurkezleek motibagarritzat jo dute ikusleak platoan aurrez aurre izatea.

Miramongo errealizazio-kontrol gela berri bat erabiltzen dute saioan. URTZI URKIZU.
urtzi urkizu
Donostia
2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Xabier Zapirain errealizadoreak eta Luis Oiartzabal zuzendariak programako eskaleta eman diete lankideei. Bi ordu eta erdi eskas falta dira ETBko Autentikoak hasteko, eta aste honetako saioaren egitura nolakoa izango den azaldu diete. Osteguna da, bosgarren programa, eta gonbidatuak Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria eta Jon Maia bertsolaria dira. Iñigo Otaegik —Atera kontuak saioan aritu zen iaz— ez du zuzeneko konexiorik, eta Otamendirena egiten ari da entseguan. Erantzunak asmatzen, eta asmatu ditu kazetariak gero esandako batzuk.

Bi ordu falta dira. Eta langile bakoitza bere postuan da: ekoizpen ingeniari bat, audio teknikari bat eta hiru laguntzaile, hiru operadore, sei kamerari, argiztatzaile bat eta argi teknikari bat, laguntzaile tekniko bat eta errejidore bat. Errealizazio kontrol gela berria erabiltzen dute saioan —irailean estreinatu zuten, eta normalean ETB2ko arratsaldeko saioetakoek erabiltzen dute—.

Mikel Pagadizabali berdekeria bat atera zaio entseguan, Maiaren txio baten aitzakian —zuzeneko emankizunean atzera egin du, eta ez du esan—. Zenbaitek sare sozialetan esan izan dute bi aurkezleek «zakildun umorea» egiten dutela, eta Etxegoienek ontzat jo du hori: «Guk ere aldarrikatu nahi dugu transitoan gaudela. Inork ez ditu gure sexu fantasiak ezagutzen».

Bestalde, programa zuzenean egiteak bere ezaugarriak ditu. «Zuzenean ez dago gelditzerik, baina ni gustura sentitzen naiz», esan du Etxegoienek. «Publikoa egoteak berotasuna ematen du». Pagadizabal iritzi berekoa da: «Martxa pixka bat ematen du». Zuzenekoak saioari «autentikotasuna» ematen diola iruditzen zaie bi aurkezleei. Oiartzabalek, aldiz, azaldu du horrek badituela zailtasunak: «Gauzak txukun atera daitezen, ondo entseatuta joan beharra dago, eta gidoia ondo landuta. Ezin baita gero editatu».

Ondarroatik (Bizkaia) joandako gazteak denboraz eseri dira aulkietan; prest daude Autentikoak aurrez aurre ikusteko. Saioa hasi aurretik, Iñaki Imaz errejidoreak azalpen labur batzuk eman dizkie: noiz txaloak eman. Pagadizabalen hasierako bakarrizketarekin barre taxuz egin dute. Maiak garatu duen diskurtso sakon bati, berriz, sekulako txalo zaparrada eman diote.

Elkarrizketak dira ETB1eko programaren funtsa. Etxegoienek argi du helburua: «Datozenei sekula santan egin ez zaien elkarrizketa egitea da gure asmoa». Elkarrizketek berezitasunak dituztela iruditzen zaio Oiartzabali: «Saiatzen gara gonbidatuari ezagunak ez diren bere gauzak ateratzen, bai modu serio batean, bai modu umoretsuan ere. Gustura senti daitezen nahi dugu».

Kolaboratzaileak ditu saioak, baina Oiartzabalek ohartarazi du ez direla finkoak: «Aldatuz joaten dira. Gure asmoa da kolaboratzaile desberdinak etor daitezela programara; ez dugu beti dinamika bera mantenduko». Iker Lauroba musikaria gitarrarekin joan da bosgarren atalera. Abesti bat eskaini dio Maiari, programaren amaiera aldera. «Maia, maiatzean...» hasi du kantua, eta «orain, itsasoa gara» bukatu.

Saioa egiten ari diren bitartean, Zapirain eta Oiartzabal errealizazio eta kontrol gelan daude, beste sei lankiderekin batera. Etxegoienek eta Pagadizabalek entzungailu bat dute belarrian, edozein unetan haien aginduak jaso edota harremanetan jartzeko. Ikusleentzat behintzat ez da aparteko ezustekorik izan; bi gonbidatuen elkarrizketak denboraz luze joan dira, eta horrek edukiren bat sartzea eragotzi du. Baina larritasunik ez da izan.

Bi aurkezleen konexioa

Zenbait telebista platotan, larritasunak fokuen beroarekin gertatu ohi dira. Baina Pagadizabalek nabarmendu du hori Autentikoak-en ez dela gertatzen: «Oso pozik nago, zeren lehenengo aldia baita ETBko plato batean ez dudala izerdirik botatzen. Argiak oso ondo daude kontrolatuta, eta saioak irauten duen ordu eta laurdena txukun bukatzen dugu. Ematen du zerbait friboloa dela, baina lehen bi minutuetan izerditan hasten baldin bazara...». Hori gertatuz gero kontzentrazioa galtzeko arriskua dagoela uste du Etxegoienek.

Bi aurkezleak ados daude iritzi gehienetan. Etxegoienek elkarrizketa egin zion Pagadizabali Berandu baino lehen saioan, 2016an.«Orain, saioko platoan hobeto ari gara elkar ezagutzen, bikote berri bat sortzen denean bezala», aipatu du Pagadizabalek. Ez dago argi nora eramango dituen harreman horrek edo lanarekiko pasioak. «Prozesuan gaude», dio Etxegoienek. Hark Otamendiri gogorarazi dio BERRIAko bekadunei udan esan izan diela pasioa bizitzan bi tokitan jarri behar dela: ohean eta kazetaritzan. Saioa bukatuta, Autentikoak-eko gidoilari Ekaitz Herrerak Otamendiri aitortu dio: «Ni nintzen bekadun horietako bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.