Beñat Zamalloa kazetariari eman diote Martin Ugalde beka

Ugalderen obran sakonduz, liburu dibulgatibo bat idatziko du Zamalloak.Irabazleak 8.000 euro jasoko ditu, urte batean lana amaitzeko

Ainara Ugaldek eman zion beka Beñat Zamalloari, atzo, Andoaingo Martin Ugalde parkean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Andoain
2015eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
«Martin Ugalderen obrak egungo gizarterako, kazetaritzarako eta politikarako gako batzuk azaltzen ditu». Hala uste du Beñat Zamalloak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1986). Idazle eta kazetariaren lana sakon ari da aztertzen, eta lan horretan ariko da datozen hilabeteetan. Martin Ugalde eta euskal kazetaritza gai finkoarekin egin zuten bekaren deialdia urtarrilean BERRIA fundazioak, Elkar fundazioak, Jakin fundazioak eta Martin Ugalde kultur parkeak, Andoaingo Udalaren laguntzarekin, eta beka Zamalloari emateko erabakia hartu du epaimahaiak.

Liburu dibulgatibo bat egingo du Zamalloak. «Dibulgatiboa diodanean, nahi nuke lan hori ahalik eta publiko zabalenari eskura izatea», argitu du. 2016ko urrira arte du lana entregatzeko epea, baina uztailerako amaituko duelakoan da. «Ilusio handiz nago».

Liburu horretan Ugaldek erbesteaz idatziak bilduko dituela iragarri zuen Zamalloak, atzo, Andoainen: «Erbesteaz idatzi zituenak dira aberriaz eta beste aberriaz idatzi zituenak, Euskal Herriaz eta Venezuelaz idatzi zituenak, alegia; identitateaz eta behartutako beste identitateaz idatzi zituenak».

Hainbat kazetaritza estilo eta kazetaritza ariketaren bidez moldatu nahi du lana BERRIAn bertsolaritzaz idazten duen kazetariak. Eta jaso nahi du Martin Ugalderen kazetaritza objektiboa barik, kazetaritza «objektiboduna». «Kazetaritza neurritsua barik, kazetaritza neurtua, kazetaritza estrategikoa, anbizioz euskal identitatea, euskal kultura eta euskara jomuga zituena». Ugaldek zentsuraren kontra eta adierazpen askatasunaren alde egindako borroka ere ikertuko du bekaren onuradunak.

Zamalloa ez da kasualitatez jarri Ugalderen obra aztertzen. Mondragon Unibertsitateko Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluan zela, Ugalderi buruzko hitzaldi bat egin zuen Larraitz Ariznabarreta irakasleak—idazleari buruzko tesiaren egilea—. Ugaldez zuen ezagutza erabat aldatu zion hitzaldi hark. Horrez gain, Zamalloak tesi bat egiteko asmoa du datorren urtean, kazetaritza subalternitatean edo subalternitateen kazetaritza gai hartuta. «Jakin-min pertsonal, profesional eta ikerlerro horretan, Ugalderen obra sakonago lantzea eta dibulgaziorako biltzea bete-betean zetorren sakondu nahi ditudan bideetan».

Obra intelektualetik harago jaso nahi du kazetariak Ugalderen ahalegina eta ekina. Zamalloak bere obsesioetako bat zein den aitortu du: «Martin Ugalderen moduko kazetaritza erreferenteen eta erreferente intelektualen ezagutza unibertsitateko ezagutzekin batera herriratu beharra». Gaineratu du Ugaldek kazetaritzaren funtzioez eta estiloez, erbestearen garaiaz eta politikaz hausnarrarazteko ematen duela.

«Sekulako ohoretzat» jo du kazetariak bekaren bitartez Ugalderen obran sakondu ahal izatea.

Ugalderen hitzak

Beka emateko ekitaldian, BERRIAko Juan Luis Zabalak eta Ainara Lasak Ugalde zenak hainbat elkarrizketa eta liburutan egindako hitzak irakurri zituzten. «Kazetari naiz, eta izan ez banintz hasieratik, ez nuen nire bidea egingo». Erreportajeak egitea izan zen harentzat ipuin eta narratibarako eskola. Hala esan zuen Euskaldunon Egunkaria-n 1997an. «Kazetari bezala egin daitezke gauza asko, ondo apuntatzen badituzu gauzak, ondo finkatzen badituzu, bilakaera ona baldin bada». Ugaldek kazetaritzan eginiko bideak hiru epe ditu: lehena, 1946-1947 urteetan, Andoainen, Diario Vasco-n; bigarrena, Caracasen, hainbat aldizkari zuzenduz —Elite zazpi urtez—; eta hirugarrena, Euskal Herrian 1969tik aurrera —EAJren buletina zuzenduz, Deia-n zuzendariorde eta Euskaldunon Egunkaria-n administrazio kontseiluko lehendakari—. Joxemi Zumalaberen sua «egiazko» sentitu zuen duela 25 urte. «Sinestu egin nuen». Argi zuen Ugaldek: «Egunkari bat ez duen hizkuntzak ezin du aurrera irten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.