Gizarteari kosta egiten zaio tabuez hitz egitea, hori baita tabuaren esanahietako bat. Sexua, adina, heriotza... zerrenda luze bat egin daiteke gaur egun gizarteari hitz egiteak beldur ematen dien gauzekin. Beldurra beste tabuetako bat da, Laura Reren ustez. Rek beldurra oinarri duen podcast bat bideratzen du, Danel Galdaerarekin batera: Zozoak beleari. Hamaika Telebistan entzun eta ikus daiteke podcasta.
Bigarren denboraldi betean daude orain. Iaz, urte amaieran hasi ziren bi esatariak podcasta egiten, eta hirugarren denboraldian zer egin pentsatzen ari dira jada. «Hamaika Telebistak podcast bat egiteko aukera eman zigun, gai librearekin. Danelek eta biok bideodei bat egin genuen, eta, ideia zaparrada bat egin ondoren, podcastaren bidea aukeratu genuen. Biok emoen munduan murgilduta ibili ginen nerabezaroan, eta, horregatik, betidanik gustatu izan zaigu beldurra inguratzen duen guztia», azaldu du Rek. Atal bakoitza beldur batean oinarritzen da, eta beldur hori gonbidatu batekin jorratzen dute Rek eta Galdaerak. Adikzioei beldurra, nork bere buruari, etorkizunari, sexuari, minari... hainbat gai jorratu dituzte; Galdaeraren ustez, «seriotasunez, baina era dibertigarrian».
Kai Nakai, Hofe, Ane Lindane eta Olatz Salvador izan dira podcasteko estudiotik pasatu diren gonbidatuetako batzuk. «Bertaratzen den bakoitzak ez daki zeri buruz hitz egingo dugun. Saioaren hasieran, beldur bat aurkezten dugu, eta hori da hurrengo 30-40 minutuetan jorratzen duguna», esan du Rek. Galdaerak argi utzi du gonbidatu batzuek «terapia moduan» hartu dutela podcasta: «Batzuk hainbat gauzaz konturatu dira hemen ahots goraz esan ondoren. Uste dut bati baino gehiagori balio izan diola terapia moduan». Rek uste du ariketa «polita» dela, baina askotan «zaila» bilakatu daitekeela gonbidatuarentzat.
Rek eta Galdaerak argi utzi dute euren lana ez dela kazetariarena. «Gu ez gara kazetariak, eta oso zaila egiten zaigu soilik galderak egitea. Danelek eta biok asko hitz egiten dugu, eta hori argi ikusten da podcastean. Inprobisazioari leku handia uzten diogu. Badugu gidoi bat, baina ez da gure lehentasuna; askotan ez zaigu ateratzen». Beldurrei buruz hitz egitean, besteekiko konfiantza da oinarri handietako bat, bien esanetan. Galdaerak uste du hori ongi lantzen dutela biek: «Inork ez du erakutsi nahi ahulunerik, eta, nire ustez, horrek bihurtzen ditu beldurrak tabu. Laurak eta nik ez dugu arazorik gure arazoak beste pertsona batzuei kontatzeko, ezagunak ez badira ere. Horrek izen bat dauka: oversharing-a, eta gu halakoak gara».
Bigarren denboraldia martxan dela, biek hirugarrena egiteko gogoa erakutsi dute. «Zaila egingo zaigu beldur gehiago aurkitzea. Badira asko, baina guk biok beldur moduan ulertu behar ditugu, eta denekin ez da hala gertatzen», adierazi du Rek.