Irati Anda. Eskalatzailea

«Belar zapaltzaile estiloan nabil orain»

'Gailurra' saioa estreinatuko du gaur ETB1en. Andoni Aizpuru aurkezlearekin batera, hainbat tontorretara gidatuko du ikuslea, Euskal Herriko mendiak jendearen bidez ezagutarazteko.

ETB.
Edu Lartzanguren.
2016ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Gorbeia (Araba-Bizkaia) izango da lehen helburua. Gailurra saioa abiatuko du gaur Irati Anda eskalatzaile eta bertsolariak (Gasteiz, 1982). Andoni Aizpururekin batera, Andak 30-35 lagun gidatuko ditu tontorrera. Denera zazpi mendi ezagutaraziko dituzte datozen asteetan.

Grabazioa «gogorra» izaten ari dela esan duzu. Zuretzat gogorra izan bada, nolakoa izan da taldeko besteentzat?

Ez da gogorra izan aldaparengatik, baizik eta luzerarengatik. Planoak behin eta berriz egin behar... Teknikariak oso profesionalak dira, eta perfekzioa nahi izaten dute. Horrek ordaina dauka. Nik ez nekien nola egiten zen grabaketa bat, eta ustekabean harrapatu nau. Goizeko zapietarako mendian gaude grabatzen, eta, askotan, ez gara gailurrera heltzen arratsaldeko seiak arte. Nekagarri egiten da erritmo geldo horretan ibiltzea.

Beraz, eskatzaile trebea izan arren, mendigonzalez edo txomingero gisan jarri zaituzte?

Denetik egin behar izan dut, egia esan. Andoni Aizpuruk mendiotara igotzeko normalean egiten den ibilbideari jarraitzen dio, eta ni saiatzen naiz beste ibilbide batetik joaten, horren ezaguna ez den aldetik. Beriain mendira [Nafarroa] bizikletaz igo nintzen, esaterako. Harrizko pareten bertikaltasunaren falta sumatzen dut. Agian egongo da ustekaberen bat eta eskalatzerik izango dut. Baina, bai, bitartean, belar zapaltzaile estiloan nabil.

Andoni Aizpuruk argi esan zuen ez zela izango «kirol saio bat». Bikote ona osatzen duzue?

Oso pertsona hurbila da, eta oso ondo moldatzen da jendearekin. Nabari zaio telebistan urte luzeko esperientzia. Mendizalea da, eta primeran ezagutzen ditu Euskal Herriko mendiak. Hasiberria naiz aurkezle-edo lanetan, eta halako baten ondoan egonik ikasteko aukera ederra daukat. Baina nik neure ukitua ematen diot saioari.

Eskalatzaileaz gain bertsolariaizateak erraztasuna emango dizu, dena den, kameren aurrean natural egoteko, ezta?

Bai, nabari da bertsotan jendaurrean egonez beldurra galdu diodala telebistari. Irratigintzan ere ibili naiz, eta komunikatzeko gaitasuna landua dudala asko nabaritzen dut. Grabazioa plato batean ez izateak ere laguntzen du.

El conquistador del fin del mundo saioan aritu zara lehen ere. Zertan dira ezberdinak bi saiotan eginiko lanak?

Conquis-en ez da gidoi bat betetzen: ateratzen dena ateratzen da. Honetan badago gidoi bat, ezagutu behar diren pertsonaia batzuk. Gailurra saioak badu hari bat, zentzu bat. Prestatu egin behar da; atzeko lana dauka.

Eta zein da saioaren zentzua eta helburua?

Mendia ezagutarazi ez ezik, badu ukitu sozial bat ere: gonbidatzen diren pertsonaiek lotura dute mendi eta inguru horrekin, hango abeltzainak dira, herrietako alkateak... Eta badira mendiarekin harremanik izan ez arren bizipenen bat duen jendea. Mendia ezagutzea da helburua, beraz, baina jendearen bitartez.

Zazpi saio izango dira: Txindoki [Gipuzkoa], Gorbeia, Orhi [Nafarroa-Zuberoa], Peña del Castillo [Araba], Anboto [Bizkaia] eta Hernio [Gipuzkoa]. Zergatik mendi horiek?

Jon Abasolo zuzendariak eta gidoilariek aukeratu dituzte. Argi dago Euskal Herriko hainbat puntetakoak direla eta paisaia mota ezberdinak eskaintzen dituztela.

Saioa luzatuko balitz, zein beste mendi proposatuko zenituzke zuk?

Hiru Erregeen Mahaia [Nafarroa], Toloño [Araba]... Halere, ni gehiago naiz hormazalea tontorzalea baino. Euskal Herriak baditu oso txoko politak, urrun joan gabe ezagutzea merezi dutenak. Beti bilatzen ditugu gailurrak altuerarengatik, eta askotan hori ez da garrantzitsuena, baizik eta paraje ederra edo magaleko herrixka. Eta, ohi bezala errazenera jo gabe ere, ohikoak ez diren bideak hauta daitezke. Gauza bat ikasi dut: grabatzera goazenean hobe duzu gauzak pazientziaz hartzea. Edonola ere, gustuko dut komediante giroa, eta, aukera sortuz gero, prest nago jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.