«Aurten iaz baino aurrerago eta datorren urtean baino atzerago». Horrela laburtu du Euskal Hedabideen Behategiak euskal hedabideek aurten izan duten eboluzioa. Urtero bezala, argitaratu dute nabarmentzeko modukoak diren lanen, proiektuen eta gertakarien bilduma den liburua: Euskal hedabideen urtekaria 2023-2024. Atzo aurkeztu zuten lan hori, Hibai Castro Euskal Hedabideen Behategiko kideak, Libe Mimenza Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaileak eta Igor Astibia Hekimeneko zuzendariak Iruñean, Euskalerria Irratian, irratiaren 35. urteurrena ere ospatzeko asmoz. Urtekaria Behategiaren webgunean dago eskuragarri, eta ingelesera itzulita daude artikuluak, Elia itzultzaile automatikoaren bidez.
«Formatu eta euskarri berrietara egokitzeko apustuek ere aurrera segitzen dute, eta egokitzeko lan horretan ari dira etengabe hedabideak», esan zuen Castrok. Urtekariaren azalaren irudiak digitalizazioaren presentzia islatzen du: sare neuronalak, konexio berriak eta etengabeko aldaketa. Erronka horiek datuetan adierazten dira urtekarian: 2023an munduko biztanleriaren %75 Interneteko erabiltzailea da. «Horrek erakusten digu zer-nolako abiadura hartu duen digitalizazioak», esan zuen Castrok.
Argitaratutako datuen arabera, sei ordu eta erdi ematen ditu herritar bakoitzak egunean Interneten bidez komunikatzen, informatzen eta entretenitzen. Digitalizazioak euskarazko hedabideak ere hartu ditu, eta, munduko beste hedabideak bezala, eraldaketa prozesuan murgilduta daude. «Digitalizazioaren prozesua geldiezina da, eta hedabideek egokitu egin behar dute. Ez da ulertzen nola erakundeetatik ez duten prozesu horretan laguntzen», esan zuen Astibiak.
Digitalizazioaz gain, aurreko urteak emandakoak biltzen ditu urtekariak, gai nagusietako batzuk hamalau artikuluren artean banatuta. Euskalerria Irratiaren errepaso historikoa da hedabideen sektorearen ataleko lehena. Gero, BERRIAren eraldaketa prozesuaren, EITBren digitalizazio estrategiaren eta Ipar Euskal Herriko euskarazko kazetaritza diploma unibertsitarioaren berri ematen duten artikuluak ere badaude.
Euskal Herriko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak ere parte hartu dute, eta zazpi azterlan bildu dituzte urtekarian, jakintza bi norabideetan emateko eta ezagutza jarioa sustatzeko. «Hedabideek haien errealitatea ezagutzeko, unibertsitateko ikertzaileek egiten dituzten ikerlanei esker», azaldu zuen Castrok. Bertan sortzen den truke horren hurrengo pausoa da urtekaria.
Hazkundea datuetan
«Ez da urte erraza izan, baina ez dakit euskal hedabideentzat inoiz izan den urte errazik», esan zuen Astibiak. Azterlan eta ikerketa luzeagoen atalean, euskal hedabideen balio sozialaren kontzeptua lantzen duen artikulua dago: Euskarazko komunikabideen balio soziala. Bertan, Mondragon Unibertsitateko Eneko Bidegain, Aitor Zuberogoitia eta Txema Egaña ikerlariek euskal hedabideen balioa aztertu dute, eta lan horretan ondorioztatu dute ez dela neurtu behar soilik ikuspuntu ekonomikotik, euskal hedabideek gizarteari eskaintzen dioten balio hori ere gehitu behar zaiola.
2023a «aldaketaren urtea» izan dela esan zuen Libe Mimenzak: «Aztoramendua ekarri du, alde batetik, ziurgabetasuna, baina baita gogoeta bat ere». Nahiz eta aldaketaren urtea izan, «urte on» gisa definitu du Mimenzak, euskarazko hedabideetan %9ko hazkundea egon delako web audientziei dagokienez.
Berriz ere 40 milioi bisitako langa gainditu dute, eta, oraingoz, pandemia garaian izandako web audientzia ez dute gainditu, baina hori gainditzeko «gutxi» falta dela azaldu zuen Mimenzak. %9ko hazkunde hori euskarazko hedabideen eta euskal publikoaren arteko harreman sendoaren isla dela ondorioztatu dute Behategikoek. Oraindik «bide luzea» dagoela egiteko esan zuen Mimenzak, baina «agerikoa» dela euskal hedabideen gertutasunak publikoarekin sortzen duen konexio horrek bidea marraztu duela: «Isolatuta eta sakabanatuta gauden ideia horrekin apurtzen du; bagara zerbait, eta hortik eraikitzen da nor garen».