Arantxa Idieder. 'Goiz berri' saioaren gidaria

«Begirada kritiko batekin informatzea da gure helburua»

Euskal Irratietako 'Goiz berri' saioko berrikuntza nagusia da Arantxa Idieder. Gaur-gaurko gaiak aztertuko ditu goizero

Adrian Garcia.
Donostia
2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Iragan irailaren 13tik gidatzen du Arantxa Idiederrek (Baiona, 1985) Iparraldeko Euskal Irratietako Goiz berri saioa. Goizero, astelehenetik ostiralera, gaur-gaurko gaiei begiratu bat ematen dieIdiederrek, gonbidatu etakolaboratzaile talde baten laguntzarekin.

Zer egiten duzue saioak irauten duen bi orduetan?

Helburu batekin egiten dugusaioa: goizeko 07:00etatik 09:00etara aktualitateari begirada bat ematea. Nazioarteko berriak ere kontuan hartzen ditugu. Azken finean,Euskal Irratietan ez duugu nazioarteko hainbeste berri lantzen. Guk badugu Goiz berri-n tarte bat berri horiei buruz mintzatzeko. Prentsa itzuli bat ere egiten dugu goizero, hemengo prentsak egunekoan zer dioen jendeak jakin dezan. Eta gomitak ditugu goiz guztiz. Gaurkotasunarekin lotura duten gai batzuk sakontzen ditugu, desberdinki ikusteko eta informazio zabalagoa emateko. Ekitaldiak ere aipatzen ditugu egun guztiz. Hain zuzen ere, hori da, gutxi gorabehera, bi orduko goizeko saioan egunero egiten duguna.

Zein irratietan entzun daiteke saioa?

Lau irratitan ematen da: Irulegiko Irratian, Gure Irratian, Antxeta irratian eta Xiberoko Botzan. Hori da ideia. Irrati bakoitzean baditugu gure emankizunak, goizetan ere. Baina, hala ere, bi orduz elkartzen gara emankizun horretarako,gaurkotasuna ahal bezainbeste jorratzeko eta kritikagune bat sortzeko entzuleentzat. Beste saio anitzetarako ere elkartzen gara lau irratiak.

Erronka handia dakar saioa gidatzeak?

Bai, seguru. Ardura tipi bat ematen du goizean goiz jaikitzean. Hobe dut iratzargailuak huts ez egitea. Entzuleei begira ere ardura handia da. Entzuleari zuk jakin nahi zenukeena eman behar diozu, entzuleak ere jakin dezan zer pasatzen den, eta zure begirada kritikoakin eman behar diozu informazioa, beste begirada batekin. Prentsak ematen duenaren beste begirada batekin.

Saioa gidatu aurretik zer egiten zenuen?

Badira bi urte irratian lan egiten dudala. Ez dut irratigintza ikasi: irratian sartuz ikasi dut. Bi urtez, poliki-poliki ikasiz joan naiz, eta arratsaldeko saio bat egiten hasi nintzen. Gero, joan den urtean, Gure Irratiko Tokikoan aurkeztu nuen, eta, orain, Euskal Irratietakoa egiten dut.

Eztabaidak edukiko al dituzue saioan?

Saioaren arabera. Eztabaida gunea ez da hainbestekoa. Batzuetan gertatzen da bi edo hiru gomita izatea goizetan. Ez da eztabaidagune bat. Guk geure buruari pausatzen dizkiogun galderak entzuleak pausatzen dituenak dira. Horrelako leku bat eskaini nahi diogu entzuleari, gure bidez galderak pausatzeko. Eztabaidatzen da, baina ez da eztabaidagune bat.

Kolaboratzaileekin lan egiten duzue?

Kronika egile batzuk sartu ditugu aurten. Asisko Urmenetak, adibidez, hainbat gairi buruz bere irria eta begirada kritikoa ematen du. Xabi Strubell musikariak aste guztiz kronika bat eskaintzen du, eta bere gogoetak olerkien bidez plazaratzen ditu. Bestalde, Agurtzane Ormatza sexologoak sexuari buruzko gaiak jorratzen ditu. Entzule gazteak harrapatzeko egiten dugu hori, uste baitut Euskal Irratietan gaztetasun pixka bat falta dela. Ekonomia ere lantzen dugu... Ahal dugun gai gehienak ukitzen ditugu.

Zein gonbidatu izan dituzue orain arte?

Joan den astean sindikatuekin egon ginen; hiru sindikatutako kideekin bildu ginen erretreten erreformari buruz hitz egiteko, eta gai horri buruz baikoitzaren iritzia zein den ikusteko. Bestalde, Xabi Larralde Batasuneko kidea izan dugu, ETAren su-etena aipatzeko, eta Euskal Herriarentzako ondorioak zeintzuk izango diren azaltzeko. Eguzki Urteaga soziologoarekin egongo gara gaur [atzo], ijitoen kanporaketari buruz eta Sarkozyren estrategia politikoari buruz hitz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.