Komunikazioa. Naroa Iturri. Hamaika telebistako aurkezlea

«Batzuetan, barrura sartzeko min egiten duen lekuetara joan behar duzu»

Ibilbide luzeko pertsonak elkarrizketatzeari ekin dio Iturrik Hamaikako 'Hurbilean' saioan. Ostiral gauean ematen dute programa, 22:30ean. Larunbatean errepikatzen dute, 22:45ean.

urtzi urkizu
Donostia
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Esatea libre eztabaida saioa aurkezten du asteazkenean Naroa Iturrik (Hernani, Gipuzkoa, 1976). Hurbilean saiora bilduko diren pertsonen izenak ez ditu aurreratu nahi izan, baina politikari eta musikari ezagunak iritsiko direla iradoki du.

Zertan saiatu nahi duzue Hurbilean saio berrian?

Bizitzan ibilbide luzea izan duten pertsonak ekarri nahi ditugu gurera, eta haien barnean sartu. Askotan gertatzen da, baten bat ikusi, eta pentsatu: «Ene, hori bizirik al dago?» ala «Ui, hori inoiz ez zait jatorra iruditu, eta, begira, jator askoa da!». Jendea ezagutzen saiatuko gara.

Berrogei minutuko elkarrizketa batek askorako eman dezake. Ikusleak gonbidatua ondo ezagutuko duela iruditzen zaizu?

Gonbidatuak uzten badu bai, eta pentsatzen dut ezagut daitekeela pertsona bat 40 minutuan. Askotan, egungo telebista ereduan, elkarrizketa luzeak ez dira gustuko, ikusle kopurua jaits dezaketelako, agian ez dutelako morborik.

Elkarrizketak egiteko orduan, gonbidatua estuasunean jartzea gustuko duten horietakoa al zara?

Ez bereziki. Baina, hala ere, elkarrizketatuak gustuko ez dituen gauza batzuk galdetzen ditut. Adibidez, Ramon Etxezarretari bizkartzainen inguruan galdetu genionean, bagenekien gaia ez zuela gustuko. Baina, batzuetan, barrura sartzeko min egiten duen lekuetara joan behar dugu, min egitera joan gabe. Hain zuzen, jakiteko pertsona horren nahiak eta beldurrak zein diren.

Baina galdera guztiak ez dira atsegin emateko izango, ezta?

Ez, gauza bat da estu ez hartzea, baina koipea ematea ere ez da kontua.

Elkarrizketa saioak badaude telebistan, baina euskaraz eta Hurbilean bezalakoak gutxi. Zergatik gertatzen da hala, zure ustez?

Tamalez, ohituta gaudelako gauza oso arinak ikustera. Elkarrizketa luzeak, batzuen ustez, ez dira telebistarako aproposenak, ikusle datuei erreparatuta bereziki. Baina badago jendea telebista aurrean eseri eta pertsona bat hobeto ezagutu nahi duena.

Nazioartean ezaguna den zein pertsona elkarrizketatuko zenuke?

Asko elkarrizketatuko nituzke. Noam Chomsky eta Hugo Chavez, adibidez, oso gustura elkarrizketatuko nituzke.

Zer moduz doa Esatea libre?

Pixkanaka-pixkanaka, gure bidea egiten ari gara. Erreferente txiki bilakatzen ari da eztabaidaren generoan. Jendeak bazuen gogoa ahots guztiak entzuteko. Ez dugu inoiz betorik jarri; guk denoi deitzen diegu.

PPko ordezkaririk izan al duzue saioan?

Ez, eta deitu izan diegu askotan. Baina ez dute etorri nahi izan. Esaten digute Hamaika ez dela plurala. Baina nik galdetzen diet ea noiz izango den plurala inoiz etortzen ez badira. Gure atea beti dago irekia.

Haiena da ezezkoa, baina egun, eztabaida batean, ezin dira entzun gizarteko ahots guztiak.

Zoritxarrez, hala da. Niri asko gustatuko litzaidake PPko bat eta ezker abertzaleko bat mahai berean eseri eta eztabaidatzea. Gure asmoa da bakoitzak defenda dezala berea.

Hauteskunde kanpainan ahalegin berezia egingo al duzue Hamaikan?

Bai, kanpainari eutsiko diogu lurraldeka, eta garrantzia emango diogu. Hauteskunde hauek berebiziko garrantzia dute, eta jendeak interes berezia izango du. Hamaikak hor egon behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.