Sare sozialetan agerraldi misteriotsu bat egin zuen joan den astean Polaina podcastak, eta igandean argitu zen zer zegoen Txiribiton Conquisen aurreneko atalaren atzean: «Bat-bateko umorea». Polaina-ren generoa kontzeptu horrekin definitu dute Maialen Sorzabalbere, Amaia Rojo eta Mikel Irazusta esatariek. «Guztioi egunerokoan pasatzen zaizkigun tontakeriak ditugu ardatz, baina guztia inprobisatua da. Batzuetan umore absurdoa izango da, besteetan iluntze aldera egingo du, agian», azaldu dute, idatziz, galderei erantzunez. «Saio bakoitzak bere umorea eskatuko digu. Ez al da polita?».
Aurreneko atalean, esate baterako, hitzen esanahien inguruan aritu ziren solasean. Bukaera arte ez ziren agertu Txiribiton pailazoa eta ETB2ko El conquis saioa, baina ez ziren horiek saioaren muina. Hurrengo asteei begira, iragarpen bat egin dute: «Atal bakoitza oso desberdina izango da. Bi gauza edukiko dituzte komunean atal guztiek: iraupena eta ia guztia inprobisatua izango dela». Igandero sareratuko dute atal bat, 19:00etan.
Polaina-ko esatariek ondo pasatzen dute halako egitasmoekin, eta entzuleei ere aldartea alaitu nahiko liekete. «Jende askok esan digu lehenengo atalari esker astea ondo eta barrez hasi dutela. Hori da asmoa».
Barrexerka taldekoak dira hiru esatariak, baina Polaina egitasmo «independentea» dela ohartarazi dute. Bakarrizketak, esketxak eta antzerki berriak oholtzaratzen dituzte urtean zehar Barrexerka taldekoek. Esketx horietako batzuk sare sozialetan ere zabaldu dituzte. Antzerkiko hurrengo emanaldiak hilaren 27an eta 28an egingo dituzte, Donostiako Gazteszenan.
Irratiren batek Polaina podcasta emateko aukera emanez gero, aukera hori zabalik izango dutela esan dute esatariek.
'Garagortea' eta gehiago
Ez da Polaina umorezko solasaldi bat ardatz duen aurreneko euskarazko podcasta. Iazko udaberrian, Argia-ko zenbait kazetarik Beranduegi podcasta jarri zuten martxan. 21 atal egin dituzte, zuzentasun politikotik urrun. «Baliteke Argia-koen podcasta gurea baino makarragoa izatea», aitortu dute Polaina-koek. Ahoan bilorik gabe aritzen dira mikro aurrean Beranduegi-koak.
Iruñerrian, bestalde, solasaldi umoretsuei ekin diote Haritz Larragetak eta Yasmine Khris Maansrik —Nafar Away aurkezten du Hamaika telebistan— Garagortea podcast berrian. Monarkia kontuekin txantxetan aritzen dira: lehen atalean errege-erreginak bilatu dituzte Frantziarako; bigarrenean, Andorrarako. 30 minutuko atalak dira, Polaina-ren estilokoak.
Oñatin (Gipuzkoa), berriz, Zarramarra umorezko podcastaren bigarren denboraldia abiaraziko dute hilaren 27an. «Zarramarra, umorearen marraz hara!», dute lelotzat. Gonbidatuen artean Antton Telleria, Aiora Mujika, Ibai Zangitu eta Amaia Aranzeta izango dituzte atal berrietan.
Podcastak
Bat-bateko umorez
'Polaina' podcasta estreinatu dute Amaia Rojok, Maialen Sorzabalberek eta Mikel Irazustak. Igandero atal bat sareratuko dute, 19:00etan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu