Basilika hedatzen ari da

'Besaulkia' filosofia saioa egiten hasi dira Ainhoa Urien, Maider Arregi eta Mijo Lizarzaburu. Pablo Martek elkarrizketa saio berri bat egingo du

Basilika podcast egitasmoko kideetako batzuk Rikardo Arregi saria jasotzen, iazko azaroan. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Hausnarketa kritikorako lekua egiteko asmoz elkartu ziren duela urtebete zortzi lagun Basilika podcast egitasmoan. Horretan ari dira, eta lantaldeak Rikardo Arregi komunikazio saria jaso zuen azaroan. Lagun berriak batu zaizkie proiektura: Besaulkia filosofia saioa da iritsi den azkena.

Ainhoa Urien, Maider Arregi eta Mijo Lizarzaburu filosofia ikasleak izan dira. Filosofiaren bueltan jarraitzen dute, eta Besaulkia podcastean lau atal egiteko asmoa dute. Lehena entzungai dago: Nia, banakoa sortzen eta erregulatzen duen dispositiboaren baitan.

Atal bakoitzean, sortzaile baten lana eramango dute Besaulkia-ra. Aurrenekoan, Danele Sarriugarte Mochales idazle eta itzultzailearen Bakarrik ezin da entzun daiteke. Hurrengoan, Saioa Alkaiza bertsolariaren bertso sorta bat iritsiko da, eta gaiaLGTBIQ+ eta identitate politikak izango da —Jule Goikoetxea filosofoaren laguntza izango dute—. Hirugarrenean, teknologiaz eta sare sozialez arituko dira. Eta laugarrenean, arkitekturaz. Podcastaren aurkezleek «elkarrekin ikasten» jarraitu nahi dute: «Besaulkia eseri eta pentsatzeko, pentsatu eta adierazteko, adierazi eta sentitzeko espazio bat da».

Bestelako proposamenak badira Basilika-n. Koro saioan soinuaz ikertu eta hausnartzen dute Oihane Iraguenek eta Enrike Hurtadok. Soinuaren eta musikaren arteko mugaren inguruan aritzen dira, bereizmen edo kategorizazio hori zerk zirriborratzen duen galdetuz.

Kepa Matxainek eta Jon Urzelaik kultur emankizun monografikoak egin dituzte orain arte Sakoneta podcastean. Urzelaik utzi egin du podcasta, baina Matxainek jarraitu egingo du. «Saio bakoitzean kultur kritikarekin lotutako gai monografiko bat jorratzen jarraituko dut», azaldu du. «Zalantza handiak izan ditut saioarekin jarraitu ala ez, halako gaiak elkarrizketa formatuan lantzea iruditzen zaidalako jasangarriena, eta Urzelairen lekua ez delako erraz ordezkatzen, baina azkenean jarraitzea erabaki dut. Saio bakoitzeko gaiaz zeresana duen norbaitekin hitz egiten saiatuko naiz».

Gaztelaniaz saio bakarra dago: Sector conflictivo. Pablo Martek aurkezten du, eta, hemendik gutxira, Martek berak elkarrizketa saio berri bat gidatuko du: Informe infame. Ez du maiztasun jakinik izango, eta elkarrizketa izango du oinarri arte munduko norbaitekin. Martek beste saioan baino gai atenporalagoak landuko ditu, eta ez da erakusketa jakin bati lotuta egongo.

Basilika-ko beste podcastak Zeelanda Berria, Berdela eta Phoenix Ragazza dira.

Testu idatziei ekingo diete

Orain arte, Basilika podcast formatuan zabaldu da. Matxainek zera iragarri du: «Podcasta denontzat eskuragarri den formatua da, kultur kritika egiteko. Baina gure asmoa zen kultur kritika askotarikoa izatea hainbat diziplinatan». Laster idatzizko kolaborazio bat egingo dute Eremuak programako hurrengo erakusketarentzat. «Oraindik existitzen ez den erakusketa bat irudikatzeko, kolaborazio idatzi bat egingo dugu. Ea esperimentua zer moduz ateratzen den. Agian hori izango da lehen pausoa inoiz formatu idatzira jauzi egiteko». Horrenbestez, Basilikak ez du baztertzen aurrerantzean beste formatu batzuetan ere aritzerik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.