Basakabi kablez beterik dago

'Goazen' telesailaren 11. aldia martxan da; 47 grabaketa egun dituzte udan. Pantailaren atzean lan handia dagoela nabarmendu dute aktoreek.

'Goazen' telesailaren 11. aldiaren grabaketa, aste honetan, Donostian. PAUSOKA PRODUKZIOAK
'Goazen' telesailaren 11. aldiaren grabaketa, aste honetan, Donostian. PAUSOKA PRODUKZIOAK
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko uztailaren 20a
05:00
Entzun

Abian da Goazen telesailaren 11. aldia. Atzean gelditu dira Iratik eta Beñatek 2008. urtean izandako amodio istorioa, edota Haizea eta Elene bikiek 2016. urtean Basakabin pasatu zuten udara. Jada urte batzuk daramatzaten arren, orain, Gontzalen, Saioaren, Boskoren eta Garaziren txanda da, besteak beste. Baina beteranoei ikasle berriak gehituko zaizkie: Manex, Alaia, Izar, Joritz eta Oihane. Bada, gazteak Basakabin daude jada, haien udaz gozatzen. Baina aisialdian baino gehiago, lanean dabiltza gazteak. «Pantailan ikusten denaren atzean lan handia dago. Denak antolatu behar gara, argiztapenekoak, makillajekoak, jantzitegikoak, gu geu...», adierazi du Mikele Arizkorretak (Saioa).

Isiltasuna da gauzarik preziatuena telesail edo film baten grabaketan, eta Goazen-en ez da salbuespena. Hala ere, txorien kantuak nagusitzen dira Basakabiko jangelako parajeetan, eta haiek ez dute kasu handirik egiten «isiltasuna» eskatzen dietenean. Ekainaren 17an piztu zituzten kamerak, eta abuztuaren 23ra arte ez dira itzaliko. 47 grabaketa egun dituzte denboraldi osoa irudietan jasotzeko.

Denda beltz batetik kontrolatzen dute dena. Ez da erraza denda aurkitzea, zuhaitz artean baitago; haren koloreak ere ez du laguntzen. Barruan, kamerek grabatzen dutena ikus daiteke, eta, kontuz, ez atera handik; sekuentzian agertzeko arriskua dago. Eszena bat bukatzean, lasaitasuna hedatzen da grabaketa osoan. Orduan, aktoreak elkartu, eta testua errepasatzeko momentua da. Gaurkoa egun eguzkitsua da, eta horrek lagundu egin die grabaketan. Inoiz egin al du Goazen telesailean euririk? Kimetz Etxabek (Gontzal) badu galderaren erantzuna: «Ba, aurreko urteko azken kapituluan aterkiak atera behar izan genituen. Euriarekin ez dugu grabatzen, baina, azken kapitulua izanik, ez genuen denborarik, eta horrelaxe atera zen». «Uda eta euria, hori oso euskalduna da. Euskadi tropikala», esan du Ander Ayerzak (Bosko).

Itziar Gomez telesaileko zuzendariarekin elkartu dira hurrengo eszenako bost protagonistak, eta gidoia borobildu dute. Makillajeko bi langileak lanean hasi dira, eta bukatzean entseatzeko momentua da. Basakabiko jangelaren kanpoaldean dagoen patioan egingo dute grabaketa, igerilekura bidean doazela. Arteko langilea gora eta behera dabil, igerilekurako toallen bila. Azkenean, arduradun batek toallen ordez motxilak hartzeko esan dio, eta berriro ere korrika hasi da langilea. Klaketa atera du grabaketa arduradunak, baina makillajea atera dute lehenago eta horrek esanahi bakarra dauka: entseguak bukatu eta grabaketa hasiko da. «Grabatzen. Bost, lau hiru...», eta hizketan hasi dira aktoreak. Hainbat aldiz grabatu behar izan dute, testuko nahasketengatik, kanpotik etorritako soinuengatik, edo dena delakoagatik.

Hurrengo eszenaren txanda da; berdina da prozesua: testua errepasatu, atrezzoa jarri, makillajea; mikrofonoak, fokuak eta kamerak kolokatu... «Atrezzorik gabea jartzen dit; beraz, lanik gabe», adierazi du arteko langileak, eszenaren fitxa teknikoa begiratzen ari den bitartean. Azkenean, aurkitu du lana atzeko loreak eta landareak polit jartzen. Argiztapeneko langileek foku handiak dituzte. Haien kableak zuhaitzen sustraiekin nahasten dira, kobrezko baso bat osatuz. Pertika eskuan duen soinu langileak indar ederra eduki beharko du, makila luze hori hainbeste denboran hor goian mantentzeko. Batzuetan, nahi gabe, kameraren bidean sartu da, eta horrek eszena errepikarazi die. Baina, arduradunek diotenez, «denboran aurreratuta» dabiltza; ongi egindako lanaren seinale da hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.