Xiril Alvarez eta Yann Piron mendizaleak Baruntse mendiaren (7.129 m) gailurrera iritsi ziren iazko azaroan. Ibilbide hura oinarri hartuta, dokumental bat egin zuten gero: Baruntse mendiaren deia jarri zioten izena, hori bera sentitu baitzuten, mendiak dei egin ziela. Himalaian dago Baruntse mendia, Makaluren eta Everesten artean, eta, mendizale askok diotenez, «mendi bakartua» da.
Dokumentalak bere bidea egin du herriz herri, eta orain Kanalduden daude ikusgai lehen bi atalak. Abenduaren 11n eman zuten lehen atala, 30 minutukoa. Mendiaren magalean dauden herrietako bizimodua eta bertaratzen diren turisten prestaketak ikus daitezke hartan, mendia igotzen hasi baino lehenagokoak. Asteazkenean eman zuten bigarren atala. Dokumentalak ordu eta erdi irauten du denera.