Irratigintzan, prentsa idatzian eta telebistan aritutako kazetaria da Leire Palacios Egiguren (Basauri, Bizkaia, 1986). Haren erabakia izan da Sarean programarekin ez jarraitzea. Puntueus fundazioan ere ez du jarraituko.
Sei denboraldi egin dituzu Sarean irratsaioa gidatzen. Zer sentipen dituzu amaierarekin?
Urte hauen ostean, banuen sentsazioa bazela garaia beste gauza batzuk egiteko. Ingurune digitalaz aritu gara hainbat urtez, eta horrek beta eman dit ikusteko nola garatu diren irratia eta saiora etorri diren gaiak. Aurten, barruan sentitu dut unea zela amaitzeko eta datozenei lekua uzteko.
Nolakoa da balantzea?
Oso ona. Bai pertsonala, bai Puntueus fundazioari dagokiona. Hasi ginenean, Puntueusen gaiak topatzea kostatu egiten zitzaigun, baina azkenaldian kostatu dena da zein sartu eta zein ez erabakitzea. Azkeneko denboraldietan, irrati formatuarekin gehiago esperimentatzen saiatu naiz. Batzuetan, berrikuntzak zabaltzen ari ginen irratian, baina irratsaioa bera ez zen berrikuntza horien parte. Zirrara sortzen zidan horrek.
Saioan denetarik egin behar izan duzu, ezta?
2017. urtetik hona, Sarean saioaren ikuspegi estrategikoa eraman dut, produkzio lana, zuzendaritza, gidoi idazketa eta aurkezpena. Izan ditut konplizeak. Baina ez nekien zer zen irrati nazional batean saio bat osorik egitea, hutsetik abiatuta. Asko ikasi dut, Puntueus fundazioan eta Mikel Olazabal teknikariarekin batera.
Ingurune digitalaren erpin asko jo dituzu. Gelditu zaizu harra zerbaitekin edo gairen batekin?
Ez daukat halako sentimendurik, orri zuriarekin abiatu nintzen eta. Asko gustatzen zait ikastea, eta jakin-min handia daukat jendeak gauzak kontatzen dizkidanean. Horrela jarraitu dut, eta kontatu dizkidaten kontuen arabera ikasiz joan naiz. Elkarrizketatuen zaintzaz ere asko ikasi dut: Sarean-era etorri diren elkarrizketatu asko izan dira akademia mundukoak, eta batzuetan kosta egiten da jakitea nondik hitz egin behar duten. Lan berezia egin dut, era berean, emakumezkoak saiora eramaten.
EITBren Nahieran zerbitzuan entzun daitezke saioaren atalak. Zeren erakusgarri dira atal horiek egungo gizarteari erreparatuta?
Batetik, akademia aldetik eta industria ikuspegitik, erakusten dute euskal gizartea oso prestatua dagoela, eta nazioartean lehiatzen dela. Bestetik, jakin-min handia duten entzuleak dauzkagula: jendeak ikasteko nahia dauka. Hirugarren hanka kezka da: ingurune digitalak ezjakintasuna sortzen duen heinean, kezka sortzen du. Arrakala digitalak jende asko harrapatu du; badaude baliabide digitaletarako sarbiderik ez dutenak. Eta badaude sarbidea duten herritar asko, baina jakintza teknologiko eskasa dutenak. Horren guztiaren gainean, euskara dago: zer gertatuko den euskararen ingurune digitalean.
Ostegun gau askotan futbolarekin topo egin du Sarean-ek, eta ez dute eman ohiko ordutegian.
Pozgarria da ingurune digitalaz hitz egiten duen saio bat podcast moduan ematea; ontzat jotzen dut. Hainbat gai jorratu nahi dituen irrati jeneralista batek bere estrategia du, eta entzuleak aukeratu dezake bere edukia. Okerragoa litzateke futbolak beste eduki batzuk kenduko balitu, baina ez ditu kentzen. Saioa astero egin ahal izan dut, eta astero entzun ahal izan da.
Bizkaia Irratiko Irakurrieran irratsaioan ere aritu izan zara. Baina desberdinak dira, ezta?
Bai, Euskadi Irratiko programa handiagoa izan da, eta erantzukizun handiagoa izan dut Sarean irratsaioan.
Liburu bat idazten ari zara. Nolakoa izango da?
Liburua dolu batetik jaio da. Beti idatzi izan dut, baina ez osotasun baten beharraz. Galera handi bat bizi izan dut, eta hortik jaio da liburua idazteko abiapuntua.
Telebistagintzan eta telebista kritikak idazten aritutakoa zara. Bietatik zein da zailagoa?
Kritikak idaztea, maite duzun zerbaiti buruz ari zarelako. Iritzi bat izatea ez da batere erraza. Geroz eta zalantza gehiago ditut bizitzan. Iritziak ematera nola ausartu nintzen ere...