Abel Barriola pilotariak gaur jokatuko du profesionaletako bere azken lehia, Donostian, Atano III.a pilotalekuan. Modu horretan emango dio amaiera ibilbide oparo bati. ETB1ek zuzenean emango du Donostiako jaialdia, 17:20an. Barriolak Altuna III.a izango du lagun, eta aurrez aurre Ezkurdia eta Merino II.a izango dituzte.
Azkeneko partida hori emateaz gain, ETBk agur berezia egingo dio pilotaria. Euskarazko kateak Azken sakea. Barriola versus Abel ordu bateko dokumentala estreinatuko du gaur, 22:05ean. Joseba Urkiola ETBko kiroletako kazetariak zuzendu du lana, Oier Plazaren laguntzarekin. Editatzea Fermin Aiorena da. Urkiolak nabarmendu du Barriolaren bizitzadela dokumentalaren ardatza: «Abelen bizitza pilotalekuetan zein pilotalekuetatik kanpo ikusiko da lanean. Hark ez du lehen pertsonan kontatuko, baina bizitzaren inguruko lezio batzuk emango ditu, emozio eta sentimendu askorekin».
Pilotalekuetan aurkari eta lagun izan dituen protagonistak azalduko dira hizketan: Aimar Olaizola, Juan Martinez de Irujo eta Oinatz Bengoetxea. Baita azkeneko hilabeteetan bidelagun izan duen Jokin Altuna.
ETBko kazetariak azaldu duenez, pilotalekuetatik kanpo Barriola Nafarroan euskararen alde inplikatuta egon da. «Hori dela eta, Nafarroako Gobernukopresidente Uxue Barkos eta Euskalerria Irratiko esatari Juan Kruz Lakasta azaltzen dira Abeli buruz hizketan». Lanean pilotariaz mintzatuko dira, halaber, haren kuadrillako lagunak, Leitzako (Nafarroa) herrikideak, pilota eskolakoak eta senideak. «Abelen hasierako botileroa ere bai». Leitzak toki nabarmena du.
Nahiz eta Barriola atzelaria izan, Azken sakea izena jarri diote dokumentalari. Urkiolak gogoratu du jende askok esana duela Barriola edozein aurrelarik baino hobeto egiten zituela sakeak. «Horregatik izan da lau t'erdiko txapelketetan hainbeste nabarmendu den atzelaria».
Leire Olaberria txirrindulariak ere presentzia handia du lanean. «Olaberriak kirola utzi zuen, eta berehala hartu zuen ama izateko erabakia. Barriolak ere kirola utzi, eta aita izatekotan da. Bien arteko lotura bat dago, biek institutu berean ikasi zuten, gainera. Aurrera begirako hausnarketak egingo dituzte».
Arrastoa utzi duen pilotaria izan da Barriola. «Omenaldietan ere ikusten ari gara hori. Haren balioak jasotzen saiatu gara».
Barriolaren aurkari eta lagunak, gaur, ETB1eko agur saio berezian
'Azken sakea. Barriola versus Abel' dokumentala eta pilotariaren azken partida emango dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu