Komunikazioa. Ekografiak

Barreneko ahotsa

Jokin Labaien.
2011ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Unibertsitatean ezagutu nuen. Lehen eta azken urteetan izan nuen irakasle, ikasgai banatan. Aurrenean, Komunikazioaren eta Informazioaren Oinarriak irakatsi zizkigun. Ondoren, Argumenta- zioaren Teoria I eta II. Azken horretan ikasi genuen edozein erantzun ez dela argudio bat. Argudioak, beste baliabide asko bezala, sailkatuta daudela dagoeneko. Era batekoak ala bestekoak, modu jakin batean eman behar direla. Testua nola sortu, antolatu eta eman. Indarguneak erakusten, ahulguneak estaltzen. Ahoz zein idatziz. Gerora ari naiz gaitasun horiek galtzen.

Egun, idazlea eta unibertsitateko irakaslea izateaz gain, EITBko administrazio kontseiluko behin-behineko presidentea ere bada Jose Inazio Basterretxea. Atzo aipatzen nizun kexa harentzako zen horrenbestez. Gaur ez dut testu hari tiraka jarraituko. Asteartetik bereizien txokoan gordea dudanak sortutako gogoetarekin natorkizu. Orrialde honetan bertan hari egindako elkarrizketa ezin mamitsuagoa izan zen. Gaiak ugari: ETBn euskaldunei gaztelaniaz eginaraz ez diezaieten martxan dagoen sinadura bilketa, ETBren egoera, ETBko kontrol politikoa... Hona harribitxi batzuk:

- «Nik sinatu dut, erabat konbentzituta bainago horrek horrela beharko lukeela».

- «ETB1en egoera ez da euskaldunok nahi genukeena. Ez nuke apartatuko ETBk bizi duen krisi orokorretik. Ikuslegoa galdu dute ETB1ek eta ETB2k. Bestetik, albistegietan ez du maila ematen, eta zerbitzu publikoa kaltetua da».

- «Izan ere, ETB1en diseinua zaharkituta gelditu da. Programazioa lekuz kanpo dago, eta ez du asmatzen euskaldunekin konektatzen».

-«Gaixotasun historikoa da ETBk beti lotura handiegia duela unean dagoen Eusko Jaurlaritzarekin. Profesionalei ez zaie tartea behar bezala uzten. Politikarientzat ETB jostailu propio bat izan da».

Bi arrazoigatik ez naiz argudio horien gainean eztabaidan hasiko: arrazoiketa maila horri aurre egitea zail delako eta, batez ere, erabat ados nagoelako esaten dituenekin. Harritzen nau, hala ere, inork ezer esan ez izana adierazpenen ondoren. Ez alde, beraz, haserre ukitu batekin; ezta amorruak jota aurka izanda ere. EITBko administrazio kontseiluaren barreneko ahotsarentzat hainbeste gauza kritikagarri bada...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.