Sutondoan esertzen da Ezki, baso magikoan, eta aurrean dituen bost umeei bere bizipen eta istorioak kontatzen dizkie. Hori bera da Ezki kontu-kontari telesailaren oinarria, umeei zuzenean istorioak kontatzea. Gookapi ekoiztetxeak sortutako telesaila da, eta otsailean estreinatuko dute. Umeentzat egina dago, eta balore unibertsalak eta munduko kulturak erakustea du helburu.
Iratxo zahar bat da Ezki, eta bizi izan den urte luzeetan milaka bidaia egin ditu munduan zehar. Ez da Gookapik egiten duen lehen iratxo istorioa. «Ezki guk sortutako seigarren iratxoa da. Beste bost telesail garatu ditugu lehenagotik, iratxoak oinarri izanda», azaldu du ekoizpen buru Jone Lopezek. Haiek sortutako beste iratxoek bezala, Ezkik umeei begira hitz egiten du, eta haiei gauzak erakustea du helburu. «Herrialde askotan egondakoa da, eta, horregatik, milaka bizipen ditu. Zehazki, kondairak kontatzen ditu Ezkik, herrialde bakoitzeko kondaira bat», esan du Lopezek.
Hamar atalez osaturiko telesaila izango da, bakoitza hamar minutukoa. «Atal bakoitza Ezkiren aurrean egoten diren umeen arazo batekin hasten da. Eguneroko arazoak dira, geroago telesaila ikusiko duten umeek ere izan ditzaketenak. Arazo horri konponbidea emango dio Ezkik, kontatzen dituen kondairez baliatuta», azaldu du Lopezek. Baso magikoan egindako eszenak hiru dimentsiokoak dira, eta iratxoak kontatutako bizipenak, berriz, bi dimentsiotan eginak, akuarela estiloan.
Indiako, Zeelanda Berriko, Ipar Poloko, Argentinako eta beste hainbat herrialdetako istorioak kontatuko ditu Ezkik. Kondairak benetakoak dira, eta ikerketa prozesu baten ondoren bildu ditu Gookapiko ekoizpen taldeak. «Kondairak umeentzat egokitu ditugu. Azken finean, zerbait erakutsi nahi diegu umeei, eta badakigu haiek ulertzeko moduko mezu bat izan behar dela oinarria», esan du Lopezek. Kulturak erakutsiz eta baliatuz, errespetua, tolerantzia eta baloreak erakusteko tresna baliagarria da telesaila, ekoizpen buruaren ustez.
Gookapik sortutako gainerako telesailetan, garrantzi handia du umeei bidaltzen zaien mezuak. Esaterako, Pintxo iratxoaren istorioek klima larrialdia dute oinarri, eta badira, besteak beste, kirol legea, errespetua eta oinarrizko ikasketak elkarbanatzen dituztenak ere.
Ikuskizun berri bat
Durangoko Azokan aurkeztu zuten telesail berria, eta estreinaldia 2025eko otsailean izango da; Gookapi.eus atarian estreinatuko dute. «Gure atarian hainbat animazio ikusi daitezke, guk egindakoak eta atzerrian egindakoak ere bai. Euskaraz eta gazteleraz estreinatzen ditugu gure lan guztiak», azaldu du Lopezek. Horrez gain, Makusi plataforman Gookapik sortutako hainbat lan eskuragarri daude.
Pantailetako estreinaldiarekin batera, ikuskizun berri bati ekingo diote. «Lehenagotik eduki genuen ikuskizun bat, kalean egiten genuena. Oraingoan, lehenagotik ukitu ezin izan ditugun lekuak ukitu nahi ditugu, Ezkiren istorioak txoko guztietara iristeko». Liburutegi txikiak, ludotekak eta ikastetxeak izango dira ikuskizun berriaren oholtzak. Ipuin-kontalari formatuan egingo dituzte, ikus-entzunezkoen laguntzarekin. Uxue Martinez aktorea izango da Ezkiren istorioei bizitza emango dien kontalaria.