«Langileei hitzartutako soldata kopurua puntualtasun zorrotzez ordaindu izan zaie beti». Modu horretan erantzun diote Baleuko ekoizpen etxeko langileek EITBko LABi. Izan ere, asteartean sindikatuak gogor kritikatu zuen Eduardo Barinaga ETBko zuzendari berria, eta honako salaketa hau egin zuen: «Aspaldi ezagutzen dugu zuzendari berria, Baleuko ekoizpen etxearen jabea. Bere langileek eta berarentzat lan egin dutenek ondo dakite zer den lan baldintza txarretan lan egitea, eta, hainbat kasutan, adostutako soldatak kobratzeko zailtasunak edo eta zor zitzaiena baino dezente gutxiago kobratzea». LABi emandako erantzunarekin, haiengan «jaurti nahi izan diren itzal maltzurrak» uxatu nahi izan dituzte langileek.
Baleukoko langileek nabarmendu dute azkeneko hamabi urteetan langile batzordea izan dutela: «Langile batzordearen eta enpresaren artean borondate oneko lan hitzarmena sortu eta negoziatu da urtero. Eta hori beti egin dugu LABen aholkularitzarekin».
Egia eta askatasuna Baleukon izeneko agirian, langileek adierazi dute «askatasuna» dutela banderatzat komunikazioan lanean ari direnek. «Edozein gertaeraren aurrean, iritzi ezberdinek lekua izan behar dute, eta hainbeste aldarrikatu dugun adierazpen askatasunari errespetua zor diogu. Baina beti, egiaren bermearekin badator».
Bizkaiko ekoizpen etxeko langileen arabera, Barinaga ETBko zuzendari izendatzea «erabaki guztiz askea» izan da, «eta lege guztiek exijitzen duten baldintza zorrotzekin egin da». Baldintzen artean izan den lehena enpresa publiko bateko langile izateko aurrez enpresa pribatuarekiko lotura erabat haustea da.
Behin Barinaga ETBra joan eta gero, Baleukoko langileek diote «beti bezala» lanean jarraitzen dutela: «Baztertu beldurrak, gertaeren manipulazioak, arinkeriak, profesionaltasunik eza eta enpresa pribatuen arteko konpetentziak, ezinbesteko ditugun egia eta askatasunaren alde».
Baleukoko langileek diote «beti zorrotz» ordaindu zaiela
EITBko LABek esandakoari erantzun diote langileek agiri batean.Barinagaren izendatzea «erabaki askea» dela adierazi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu