'BaDA!bil' podcastaren denboraldi berria abian da

Bigarren denboraldiko lehen atalean, solasean aritu dira Idoia Tapia, Xabi Ojinaga eta Maite Arroitajauregi.

Idoia Tapia eta Amets Aranguren, 'BaDA!bil' bideopodcastean. DURANGOKO AZOKA
Idoia Tapia eta Amets Aranguren, 'BaDA!bil' bideopodcastean. DURANGOKO AZOKA
urtzi urkizu
2024ko azaroaren 6a
12:00
Entzun

Durangoko Azoka gero eta hurbilago dago, eta BaDA!bil bideopodcastaren bigarren denboraldia hasi da jada. Iaz bezala, Amets Aranguren da gidaria. Sei atal eta hamaika kontu izango ditu aurten podcastak; lehen atalean, adibidez, solasean jarri dituzte Maite Arroitajauregi, Idoia Tapia eta Xabi Ojinaga. Arroitajauregi musikaria da, Mursego izenpean hamaika lan egin ditu, eta azken urteetan ikus-entzunezkoetarako soinu bandak ere egiten dihardu. Ojinaga Arriguri ekoiztetxeko kidea da, eta ikus-entzunezkoetan zuzendari eta gidoigile lanetan aritzen da. Tapia, musikaria izateaz gain, aktorea ere bada, eta Alter Nation izeneko proiektu pertsonal bat sortzeko prozesuan ari da. Sortu, baina nola? du izena lehen atalak.

Lehen atala osorik entzun eta ikus daiteke:

BaDA!bil bideopodcastaren bigarren denboraldiko lehen atala.

EITBren eta Durangoko Azokaren elkarlanetik jaio zen bideopodcasta, iaz. Hiru Damatxo ekoiztetxea arduratzen da grabaketez eta produkzioaz.

Bigarren denboraldi honetan, sei atal ikusi eta entzun ahalko dira. Euskal kulturaz gogoeta egiten saiatuko dira guztietan, eta atal bakoitzean Arangurenek hiru sortzaile izango ditu solaskide. Horien artean azalduko dira datozen asteetan Itxaro Borda idazlea eta Kiliki Frexko musikaria, besteak beste. Azkeneko atala Durangoko Azokan bertan egingo dute, zuzenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.