Apirilaren 11n estreinatu zuen Netflix plataformak Baby Reindeer telesaila, eta, denbora gutxian, urteko fenomeno bilakatu da. Izan ere, udaberrian mundu osoan ikusle gehien izan duten lanen artean dago plataforma horretan. Ingelesezko telesailen artean, Netflixen historiako lehen hamarren zerrendan sartu da jada. Fikzio lan horretan, Richard Gadd umoristak kontatzen du nola emakume bat obsesiboki jazarri zitzaion. Ustez istorioa inspiratu zuen emakumea, ordea, ez da isilik gelditu: Fiona Harvey abokatuak auzitara eraman du Netflix, argudiatuta kalte egin diola bere irudiari, eta 156 milioi euro eskatzen dizkio plataformari. Salaketa Los Angelesen jarri du, AEBetan.
Richard Gadd da telesailaren sortzailea, eta hark jokatzen du protagonistaren rola. Hain zuzen, telesailean kontatzen du Londresen zerbitzari ari zen garaian emakume bat tabernara sarri joaten hasi zela. Egun batean, te bat hartu zuten elkarrekin. Ondotik, emakumeak ez zuen lasai uzten Gadd: etengabe mezuak bidali, toki guztietara jarraitu... Umoristaren gurasoei jazarri zitzaiela ere kontatzen da.
Netflixek Gadden alde egin du
Fiona Harvey abokatu eskoziarrak berehala lotu zuen bere burua telesaileko istorioarekin; esate baterako, Jessica Gunning aktoreak haren antza du fisikoki. Istorioa Londresen girotua dago, eta pertsonaia abokatua da. Baina Harveyk hainbat hedabideri elkarrizketak eman dizkie Erresuma Batuan, eta horietan adierazi du ez dela erasotzaile bat. Harveyk esan du Gaddek eta biek elkar ezagutu zutenean posta elektronikoz «txantxetako mezu pare bat» baino ez zizkiola bidali. Netflix plataformaren eta Gadden arabera, berriz, Harveyk 41.000 mezu elektroniko, 350 ahots mezu, 106 gutun eta makina bat txio bidali zizkion. Abokatuak dio apirilean bertan eman zuela argitara bere izena, Interneten jazarpena sufritzen ari zelako. Interneten heriotza mehatxuak ere jaso zituela esan du Harveyk.
Auzia luzatu egingo da ziur asko. Netflix konpainiak Gadden alde egin du, eta esan umoristak «bere istorioa kontatzeko eskubidea» duela. Salatzaileak hainbat milioi euro eskatzen ditu, besteak beste, «telesailak bere osasun mentalean izan duen eragina konpentsatzeko». Salaketaren arabera, Harveyk zera dio: «Gaddek 50 milioi pertsonari baino gehiagori kontatu dizkio gezurrak. Protagonistak aurrekari penalak dituela eta Gaddi sexu erasoa egin ziola kontatzen da telesailean, eta Netflixek ez zuen ezer egin benetan zer jazo zen jakiteko. Inoiz ez zuen ikertu benetan zer gertatu zen».
Salaketa hura jarri zuenetik, edonola ere, ikusle gehiagok ikusi dute telesaila. 84,5 milioi ikustaldi izan ditu, eta, besteak beste, The Witcher telesail garestia gainditu du gehien ikusi direnen zerrendan. Litekeena da hurrengo aste eta hilabeteetan Baby Reindeer telesailak hitz egiteko motibo gehiago ematea. Telesailean beste istorio gordin bat ageri da: Gaddek kontatzen du gizonezko gidoilari prestigiotsu batek bortxatu egin zuela. Ingalaterrako ikus-entzunezko sektoreko profesional batek berriki esan zuen badakiela gidoilari bortxatzailea nor den.