'Baby Reindeer'-ek irabazi du telesailik onenaren Emmy saria

Goizaldean banatu dituzte sariak. 'Shogun' telesail dramatikoak historia egin du, hemezortzi Emmy sari lortu baititu aitortza teknikoak eta artistikoak batuta.

'Baby raindeer' telesaileko Jessica Gunning aktorea eta Richard Gadd telesailaren sortzailea eta aktorea, bart, Emmys sarietan. ALLISON DINNER / EFE
'Baby raindeer' telesaileko Jessica Gunning aktorea eta Richard Gadd telesailaren sortzailea eta aktorea, bart, Emmys sarietan. ALLISON DINNER / EFE
nerea intxausti
2024ko irailaren 16a
17:00
Entzun

Bart banatu dira Emmy sariak, Los Angelesko Peacock antzokian, Amerikako Estatu Batuetan. Baby Reindeer telesailak irabazi du iraupen mugatuko telesailik onenaren saria, baita emakumezko aktorerik onenaren saria ere: Jessica Gunningentzat izan da, Martharen rola jokatzeagatik. Telesailak arrakasta handia izan du Netflixen: helduen arteko umorea, jazarpena eta bullying-a lantzen ditu. Richard Gadd telesailaren sortzailea eta aktorea hirutan igo zen eszenatokira, gidoirik onenaren, aktore onenaren eta iraupen mugatuko telesailik onenaren sariak eskuratuta. 

Beste lau garaikur jaso ditu The Bear telesailak (Disney Plus). Hartako hiru aktore saritu dituzte: Ebon Moss-Bachrachek irabazi du taldeko aktorerik onenaren saria gizonezkoetan, eta Liza Colon-Zayasek emakumezkoetan —52 urterekin lortu du lehen aldiz izendatzea eta saritua izatea—. Jeremy Allen Whiteri eman diote aktore nagusiaren saria. Sukaldari trebe baten larruan jarri da: jatetxe prestigiotsu bateko chef lana utzi, eta ekonomikoki ere egonkortasunik ez duen sukalde batera mugituko da, Chicagora (AEBak). Komedia telesailen artean, zuzendaritza onenaren aitortza jaso du telesailak. 

Shogun telesailak (Disney Plus) ere lau garaikur jaso zituen bart: telesail dramatikorik onenarena, zuzendaritza dramatikorik onenarena, emakumezko aktore dramatikorik onenarena —Anna Sawairentzat izan zen— eta gizonezkoarena —Hiroyuki Sanadak eskuratu zuen—. 

Dena dela, astebete lehenago emanak zituzten alor teknikoari dagozkion sariak, eta horietatik hamalau lortu zituen Shogun-ek. Hortaz, bi asteetako sariak batuta, Japonia feudalean girotutako telesail dramatikoak historia egin du, hemezortzi Emmy sari eskuratuta, telesail batek inoiz ez baitzituen lortuak hainbeste sari. 

Hacks telesailari eman diote urteko komediarik onenaren garaikurra. Harritzekoa izan da telesailaren sortzaileentzat eta ikusleentzat ere. Gainera, telesail horretako aktore Jean Smartek jaso du komedia arloko emakumezko aktorerik onenaren saria, eta telesailaren gidoiari ere egin diote aitortza.

Jodie Fosterrek bere lehen Emmy saria irabazi du bart, lau aldiz izendatuta egon ondoren. Iraupen mugatuko True Detective telesailean detektibe batena egiteagatik, emakumezko aktorerik onenaren saria eman zioten. Kali Reisi eskaini zion garaikurra, telesaileko aktore taldean baitzegoen, eta sarietarako izendatua baitzuten hura ere. 

Bestalde, The Bear izan da inoizko izendapen gehien jaso duen telesaila: 23 izan ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.