Komunikazioa

Babesa lortu ezean, Donostiako 'Irutxuloko Hitza' desager liteke

Langileek «alarma guztiak» piztu dituzte; harpidedun eta sustatzaileak behar dituzte aurrera egiteko

Irutxuloko Hitza-ren aldeko babesa jasotzeko kanpaina prestatu dute langileek. IRUTXULOKO HITZA.
Adrian Garcia.
2014ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Kinka larrian da Irutxuloko Hitza. Donostiako tokian tokiko euskarazko hedabidea arriskuan dago. Arazo ekonomikoak itota, lantaldean murrizketak eta produktuan aldaketak egin dituzte azkenaldian. Alarma piztu dute komunikabideko langileek: babes ekonomikorik jaso ezean, proiektua desager liteke. Langileek soldata jaistea erabaki dute Donostiako astekaria bizirik mantentzeko. Horrez gain, harpidedunak eta sustatzaileak lortzeko kanpaina abiatu dute. Auzoz auzo emanaldiak antolatu dituzte, jendearengana hurbildu eta egoeraren berri emateko. Martxoaren 13an umorezko bakarrizketa antolatu dute, Donostiako Egia auzoko Le Bukowskin.

Hiriburuko eguneroko albisteak euskaraz irakurri ahal izateko aukera eman du Irutxulo-k azken bederatzi urteetan. Ez hori bakarrik; udaleko informazioaren berri emateaz gain, auzo elkarte, gizarte mugimendu, jai batzorde eta herritarren bozgorailu bilakatu da Hitza. Herritarrengandik gertu egotea baita komunikabidearen xedea. «Guretzat handiak diren Donostiako istorio txiki horiek lantzen ditugu», azaldu du Nerea Lizarralde Hitza-ko kazetariak.

Kaltea handia litzateke desagertuko balitz. «Guk lantzen ditugun istorio txiki horiek ez lirateke azaleratuko, eta pertsona asko ahotsik gabe geratuko lirateke». Zail ikusten dute langileek Irutxulo desagertuta horrelako beste proiektu bat luze gabe sortzea.

Urte eta erdiko epean hiru langile gutxiago dituzte Irutxuloko Hitza-ko erredakzioan. «Ezin ditugu murrizketa gehiago egin lantaldean». Horregatik erabaki zuten hilabetean 200 eurori muzin egitea. «Ez da bakarrik gure lanpostuak bermatzeko hartutako erabakia. Hitza-n sinesten dugu, eta proiektuari eutsi nahi diogu». Langile guztiek aho batez hartu dute erabakia.

Kazetaritzaren krisiak gogor astindu du tokian tokiko hedabidea. Erakundeek diru laguntzak murriztu dizkiete, publizitatetik eratorritako diru sarrerak asko apaldu zaizkie, eta harpidetzen aldetik ere jaitsiera nabaritu dute. Larria da arazo ekonomikoa. Atakatik ateratzeko, duela bederatzi urte proiektua sortu zeneko izpiritua berreskuratu nahi dute. «Gizarte eragileengana jo nahi dugu proiektua babes dezaten». BERRIA Taldeak —BERRIA argitaratzen du— Bagera elkarteak eta beste eragileen bultzadarekin sortu zuten 2005ean Donostiako egunkaria.

Webgunea indartu

Iaztik, asteko maiztasunarekin argitaratzen dute 16 orrialdeko alea, ostiralero. http://irutxulo.hitza.info webgunean irakur daitezke egunero hiriaren inguruko albisteak. «Paperekoan webgunean emandako gaiak sakonago lantzen ditugu, erreportaje eta elkarrizketen bidez». Gipuzkoako Hitza ere jasotzen du harpidedunak, dena urtean 77 euroren truke.

Indar handia jarri dute azken boladan webgunean. Edonork jarrai ditzake musu truk hiriko azken uneko albisteak. «Papereko harpidedunek sostengatzen dute webgunea». Horregatik, urtean 30 euro jarriko dituzten sustatzaileak ere beharrezkoak dituzte.

Egunero-egunero berritzen dute Irutxulo-ko ataria. Zailtasun ekonomikoek ez dute galarazi lantaldea garai berrietara egokitzea. Webgunea «etengabe» berritu, eta ikus-entzunezkoei garrantzi handia ematen diete.

Lizarraldek uste du «pixkanaka» jendea jabetuko dela Irutxuloko Hitza babestearen garrantziaz. Bitartean, ez dute lan egiteko «ilusiorik» galdu. Kominikabideek, batez ere euskarazkoek, garai zailak dituzten arren , Lizarragak dio kazetaritza egiteko garai «aproposa» dela. «Istorio txiki horiek zabaldu eta handi egiteko aukera ezin hobea dugu orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.