Azken orduko lehiatik aparte

Zenbait hedabide txikitako arduradunek esan dute euren buruak berriro asmatzen aritzen direla, «testuinguru zail batean» irauteko. EHUko HGH taldearen biltzar batean aritu dira.

Txema Ramirez de la Piscina kazetaria hizketan, atzo, EHUko HGH ikerketa taldeak antolatutako biltzarrean. EHU.
urtzi urkizu
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Aktualitatea hautsi, eta nahi duzuna nahi duzunean idaztea. Askatasuna maitatzea». Bide bereko hitzekin definitu zuen atzo Txema Ramirez de la Piscina kazetari eta ikerlariak kazetaritza narratiboa —iaz hartu zuen erretiroa EHUko irakasle lanetik, baina aitortu du ez dagoela geldirik—. Hiru ezaugarri jo zituen, halaber, kazetarientzat beharrezkotzat: «Jarraikitasuna, ausardia eta kalitatea». Gakoa kalitate etikoa eta estetikoa direla uste du Ramirez de la Piscinak. «Gertaeren zergatia kontatu behar da, gauzak nola gertatu diren. Hori da kazetaritza narratiboaren oinarria». Sarrera hitzaldi inspiragarria eman zuen atzo Ramirez de la Piscinak EHUko HGH ikerketa taldeak antolatutako Slow journalism eta gaur egungo kazetaritza digitalaren erronkak biltzarreko lehen egunean —gaur amaituko da—.

«Inspiragarritzat» jo zituzten hainbat hizlarik EHUko HGH ikerketa taldeko buru ohiaren hitzak. Ikerlariak, bestalde, nabarmendu zuen zenbait hedabide txikitan aurki daitezkeela kazetaritza narratiboaren adibide onak. Haietako batzuk ezagutarazi zituzten atzoko biltzarrean.

5W hedabideak nazioarteko kazetaritza lantzen du. Maribel Izkue erredaktore buruak azaldu zuenez, konfinamenduko hilabeteetan haien harpidetzak asko ugaritu ziren. «Gainera, gero eta kontzientzia handiagoa dago kazetaritza egiteak kostu bat duela». Izkueren iritziz, «kalitatezko» kazetaritzaren aldeko apustua egin behar da. 5W-ko diru sarreren %2-3 baino ez dira publizitate arlokoak. Harpidetzen eta liburuen salmentatik ateratzen dute diru gehiena. Azkenaldian, podcastak egiten ari dira, baita ikus-entzunezko lanak ere.

Jot Down aldizkariaren sorreraz mintzatu zen Angel Fernandez editorea. Hasieran, webgune bat sortu zuten, eta lehen urtean ez zuten publizitaterik lortu. «Baina testuen tonuak eta edukiek harrera ona izan zuten. Sortu eta urtebetera, proiektua monetarizatzea erabaki genuen». Edukietan, elkarrizketa luzeak egiten hasi ziren promozio biretan ez zeuden idazle eta sortzaileekin. Gero, aliantza bat egin zuten Eldiario.es-ekin; eta, ondotik, El País egunkariarekin. Hilean behin, egunkari horrek Jot Down-en eduki onenekin osatutako paperezko aldizkari bat saltzen zuen. Baina, iaz, El País-ek hautsi egin zuen akordioa. «Kiebra jotzekotan egon ginen. Gaizki pasatu dugu, eta geure burua berriro asmatu behar izan dugu», azaldu zuen Fernandezek. «Orain, adibidez, Filmin ikus-entzunezkoen plataformarekin dugun harpidetza aliantzak ondo funtzionatzen du».

'Ctxt' eta 'Yorokobu'

Edukiak lantzeko orduan, euren buruarekin zintzoak dira Ctxt eta Yorokobu aldizkarietako kazetariak.

Vanesa Jimenez Ctxt-ko sortzaileetako bat izan zen, eta zuzendari albokoa da. Zera esan zuen atzoko solasaldian: «Aldizkariaren sei urte hauetan, nahi duguna idatzi dugu nahi dugunean, testuinguru oso zail batean». Horrek kostu bat dakar, eta egokituz joan behar izan dute urteotan. Sorrerako bazkideek diru kopuru bat jarri zuten hasieran; finantza kolektiboko kanpainak egin dituzte; harpidetza kanpaina bat gero... Aldizkariko erredakzioak zortzi kazetari ditu, eta kolaboratzaile sare sendo bat. 2018an, liburuak argitaratzen eta prestakuntza tailerrak ematen hasi ziren. Iaz, egoitza handiago bat topatu zuten Madrilen, eta ekitaldiak egiten hasi ziren. Baina pandemiak asmo horiek eten zituen. «Aldizkariko kazetariek sentitzen dute kazetaritza garrantzitsua dela, nahiz eta egoera ez den batere erraza. Datorren urtea ez da hobea izango», gaineratu zuen Jimenezek.

Diseinuari eta berrikuntzari buruz aritzen da bereziki Yorokobu aldizkaria. Hilean behin argitaratzen dute paperean. Fermin Abella aldizkariko zuzendariak esan du krisialdi baten erdian sortu zutela aldizkaria, 2009an. «Baina zerbait desberdina egin nahi genuen, eta batez ere, nahi genuena». Aitortu du pandemiarekin aldizkaria gaizki pasatzen ari dela. «Egunero berriro asmatu beharra daukagu. Baina lortu dugu independentziari eustea».

Ramirez de la Piscinaren mintzaldiarekin bat eginda, Abellak honako hitzak egin zituen kazetaritzan aritu nahi duten gazteentzat: «Nekaezina bazara, ausardia baldin baduzu, eta kalitatea, kazetari lanari eutsi ahalko diozu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.