Azaroaren 10ean abiaraziko du EHUk EITB Komunikazio Ikasgela

Jon Telletxea EITB Mediako zuzendariordeak adimen artifizialaren inguruko hitzaldia emango du

Ezkerretik hasita, Eva Ferreira, Ana Irene del Valle eta Andoni Aldekoa, EHUn abian jarriko duten EITB ikasgelaren aurkezpenean, Bilbon.
iraia vieira gil
2023ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
EITBren eta EHUren arteko lankidetza indartzeko, eta prestakuntzari, ikerketari eta dibulgazioari lotutako jarduerak eta proiektuak garatzeko, EITB Komunikazio Ikasgela sortu dute. Eragile bien arteko hitzarmenean oinarrituta aurrera eraman dute proiektua, eta, sustatzaileek azaldu dutenez, komunikazioaren arloan gaur egun dauden aldaketa kulturalei, teknologikoei eta digitalei aurre egiteko erreminta da.

EITB Komunikazio Ikasgela, ordea, ez da ikasgela fisikoa izango; hori bai, ikasle guztiek parte hartzeko sarbidea izango dute. «Gure funtzioak dira ikasleentzako eta profesionalentzako komunikazioari buruzko prestakuntza jarduerak antolatzea,lankidetza ahalbidetzea, eta ikerlan akademikoak eta unibertsitateko lanak babestea», azpimarratu du Andoni Iturbe Komunikazio Ikasgelako zuzendari teknikoak.

Hilaren 10ean egingo dute EITB Komunikazio Ikasgelaren lehenengo jardunaldia, eta orduan emango du Jon Telletxea EITB Mediako zuzendariordeak adimen artifizialari buruzko hitzaldia. Profesionalei zuzendutako solasaldia ere bada.

Ez dute aurreratu etorkizuneko jardunaldietan zelako gaiak landuko dituzten, baina Iturbek aitortu du arlo jakin batzuetan interes berezia dutela. «EITBren komunikazio egoera interesatzen zaigu; komunikazio berrietan aplikatzen diren adimen artifizialen teknologiei buruz ikasi nahi dugu; eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultate bezala hautatzen ditugun narratibak zeintzuk diren zehaztu nahi dugu».

Ana Irene del Valle fakultateko dekanoak ziurtatu du EITB Komunikazio Ikasgela «leku egonkorra» izango dela, eta EHUko komunikazio graduetatik ateratzen den «talentu gaztea» identifikatzen lagunduko diela.

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak, berriz, labur azaldu du zein den EITB Komunikazio Ikasgelaren helburu nagusia: «Aniztasunaren eta egiazkotasunaren bidez, informazioa jasotzeko eskubidean lan egin behar dugu, konfiantza berreskuratzeko». «Iturri fidagarriak» eskaini nahi dizkiete kontsumitzaile guztiei, eta aro digital berrira eta gaurko kontsumo ohituretara egokitzen diren tresnak prestatu nahi dituzte.

Iturbek gogorarazi du ez dela EITBrekin elkarlanean garatzen duten lehen eskaintza akademikoa. «30 urte eman ditugu elkarlanean, eta praktika dualak eta multimedia masterra egin ditugu». Komunikazio Ikasgelaren bitartez, jarduera horietan parte hartzen dutenen ikusgarritasuna bermatu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.