Azaroan abiatu nahi dute 'Le Journal'-en ondorengoa

Harpidetza kanpaina egiten ari dira, herriz herri.Euskarazko gune bat sortuko dute, baina papereko astekaria batez ere frantsesez izango da

Goizeder Taberna eta Antton Etxeberri hedabide berria sortzeko taldeko kideak dira. BOB EDME.
Edu Lartzanguren.
2014ko irailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Dirua lortzen eta egunak finkatzen ari dira Le Journal du Pays Basque izan zenaren ondorengo kazeta sortzeko. Egitasmoaren bideragarritasuna ziurtatzeko oinarrizko urratsak egiten ari dira, eta espero dute hedabidea azarorako abiatzea. Interneten, euskarazko gune bat eta frantsesezko beste bat izango ditu egitasmoak, eta, paperean, astekaria egingo dute, gehienbat frantsesez.

«Mila hapidetza lortu beharko ditugu hori ordaintzeko», dio Antton Etxeberrik. Le Journal-en zuzendaria izan zen, eta hura ari da egitasmo berria bultzatzen. Harpidedun kopuru horrekin beren buruari urtean eusteko dirua lortuko lukete. Baina kopuru horren %40 lortu bezain pronto abiatuko dute hedabidea. Jada hirurehun eskuratu dituzte, eta, Etxeberriren kalkuluen arabera, urrirako lortuko dituzte laurehun. Sostengu taldeak antolatu dituzte ipar Euskal Herri osoan.

«Asteotan sostenguak erritmo aski onean sartzen ari direla ikusita, kalkulatu dugu urrian bilduko garela erabakitzeko zein egunetan abiatu. Bainaazaroan izango da». Galdeketa bat antolatu dute hedabidearen izena erabakitzeko. Jendeak urriaren 10era arte izango du aukera izenak proposatzeko Interneteko zein papereko bertsioentzat. Abiatzeko eguna erabakitzeko sostengu taldeak elkartzen dituztenean aukeratuko dute izena, proposatutakoen artetik.

Kazeta.eus atariko kazetariekin hasiak dira lanean, egitasmo berriko erredakzioa osatzeko. «Argi dugu erredakzio bakarra nahi dugula, eta bi hizkuntzak nortzuek dituzten ikusten ari gara», dio Etxeberrik.

Internet, motorra

Joan zen abenduan bertan behera utzi behar izan zuten Le Journal du Pays Basque egunkaria, diru arazoak zirela medio. Egitasmo berriaren papereko bertsioa eguneroko bihurtu nahi luketen galdetuta, «gure motorra Internet izango da», erantzun du Etxeberrik: «Han argitaratuko dugu unean uneko informazioa». Papererako, «ikerketa, analisia eta beste inon agertuko ez direnak» utziko dituzte.

Interneteko guneak harpidedunentzat egongo dira zabalik printzipioz, «baina izango dira gauzak urririk». Harpidetza modu bereziak eskainiko dituzte. Ez dute hedabidea egingo herritarren erreakzioaren zain. «Egitasmoa sortuko dugu, gizartea hor badago», dio Etxeberrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.