Orio ekoizpen etxea Auzolanean saio berria ari da prestatzen Euskal Telebistarako, datorren denboraldian estreinatzeko. ETBk berak ekoizpen etxeari egindako enkargu bat da. Oraingoz, bost atal grabatu dituzte, eta irailetik aurrera igande gauetan emango dituzte, Herri txiki, infernu handi-ren denboraldi berria hasi aurretik.
Ibon Gaztañazpi kazetaria—udan arrauneko emanaldiekin ibiliko da buru-belarri— programa berriko aurkezlea. Zuzendaria, berriz, Julen Imaz da. «ETBko arduradunek aspaldian zuten ideia saio hau egiteko. Auzolana Euskal Herrian beti egon den ohitura bat izan da, eta horrelako telebista saio bat beharrezkoa zela iruditzen zait», esan du Imazek. Bi urte egin dituzte proiektua landu eta forma eman arte. «Auzolana Euskal Herrian bizirik dagoela erakutsi nahi dugu. Eta erakutsiko dugu zergatik den hain garrantzitsua».
Programa berriaren estiloak Herri txiki, infernu handi-renarekin antza izango duela iragarri du Imazek: «Gaztañazpi herri edo auzo batera iritsiko da. Auzolan baten inguruan joango da tokiko funtzionamendua ezagutuz. Toki bakoitzeko egoera ezagutzen saiatuko da lehenbizi, eta gero auzolanean ere ariko da, herritarrekin hitz egitearekin batera». Talde bakoitzean integratzen saiatuko da aurkezlea.
Lehen denboraldiko atalei dagokienez, aurrenekoa Nafarroako Igantzi herrian grabatu zuten. Abenduan, sute handi bat piztu zen herri horretan. «Sutearen ondorioz, herritarrek ikusi zuten auzolana zela modu bakarra egoerari aurre egiteko», gogoratu du Imazek. «150 hektarea inguru erre ziren. Erretako lur eremua hartu, eta garbitu eta landatu egin zuten herritarrek».
Beste atal bat Mallabiko (Bizkaia) auzo txiki batean grabatu dute. «Auzolanaren adibide polita da auzo horretakoa. 11 baserri baino ez daude, eta tokiko guztiek parte hartzen dute auzoaren zaintza lanetan», adierazi du saioko zuzendariak. «Auzoko ermita garbitzen eta txukuntzen aritu ziren guztiak». Beste hiru atalak Leitzan (Nafarroa), Ezkio-Itsason (Gipuzkoa) eta Bergaran (Gipuzkoa) egingo dituzte. «Normalean auzolana landa giroarekin lotzen dugu, eta herri txikietan kokatzen. Horregatik, berezia da Bergarakoa; herri horretako gaztetxekoa, alegia», azaldu du Imazek. «Auzolan urbanoago bat lortu nahi genuen, kalekoa, eta jende gaztearekin. Atal bitxia izango da Bergarako gaztetxekoa». Elkarrizketatu askok adierazi diote lantaldeari galtzen ari dela auzolana, eta garrantzitsua dela transmisioa. «Auzolanak jarraitzen badu, kontzientzia sozial batekin izan beharko du. Telebistan gaia ikusteak mesede egingo dio».
Auzolanari buruzko programa bat estreinatuko du ETB1ek irailean
'Herri txiki, infernu handi'-ren estiloa izango du. Ibon Gaztañazpik aurkeztuko du 'Auzolanean'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu