Anabel Arraiza. Hamaikako 'Ajoarrieroa' saioko aurkezlea

«Aurreiritziak izaten ditugu mediatikoak diren pertsona gehienekin»

Hamaika telebistak 'Ajoarrieroa' saioa estreinatuko du gaur, 21:00etan. Nafarroako pertsona ezagunak kozinatzen jarriko dituzte, eta une oro Arraiza izango dute lagun. Gai askori buruz solastatzeko aitzakia izanen da.

HAMAIKA.
urtzi urkizu
2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Batera eta bestera ibilia da, askotariko lanetan, eta jaioterrian bizi da egun Anabel Arraiza (Lakuntza, Nafarroa, 1975).

Ajoarrieroa saioan pertsona ezagunak kozinatzen jarriko dituzue, baina sukaldaritza saio bat izango al da?

Ez, ez da izango sukaldaritza saio bat. Sukaldean jarriko ditugu gonbidatuak, haien eguneroko zereginetatik ateratzeko eta beste patxada batean egon daitezen. Ez gara ariko errezetetako elikagaien inguruan, baizik eta beste gai batzuen inguruan mintzatuko gara. Solasaldi moduan planteatzen da programa.

Zein tokitan egingo dituzue solasaldiak?

Euskaldunok badugu ohitura elkarteetan eta txokoetan biltzekoa, eta grabaketa gehienak halakoetan egingo ditugu. Aurretik erosketa batzuk ere egingo ditugu, eta, modu horretan, merkatari txikiei bultzadatxo bat emango diegu. Salbuespenen bat egongo da: bada bere etxera gonbidatuko gaituen elkarrizketaturik. Nafarroako herri ezberdinetan ibiliko gara, batera eta bestera.

Ajoarrieroa errezeta bera prestatu al du gonbidaturen batek?

Oraindik ez zaigu halakorik egokitu. Ez dakit ez ote diren ausartzen. Bestela, guk geuk prestatu beharko dugu ajoarrieroa.

Iñaki Perurena izango da gaurko protagonista. Zerbaitetan harritu al zintuen?

Entzuna nuen sukaldean ez dela oso trebea. Grabaketan denbora luzea pasatu zuen eskuak poltsikoan zituela. Baina mingainari ez zion kosk egin. Sekreturik ez du, eta, edozein galdera eginda, ez du ezer ezkutatzen.

Hamaikarentzat Euskaltzale saioa aurkeztu zenuen iaz. Formatua oso ezberdina izango al da zuretzat?

Bai, lan egiteko prozedura ere bai. Euskaltzale saioan aurkezle lanak baino ez nituen egin, eta lantalde majoa zegoen. Ajoarrieroa saioan murrizketak ditugu; taldea txikiagoa da, eta niri ekoizpen lanak ere tokatu zaizkit.

Zein beste gonbidaturekin harrituko dira ikusleak?

Mediatikoak diren pertsona gehienekin aurreiritziekin jokatzen dugu. Politikarien kasuan, alderdi batekoa ala bestekoa izan, aurreiritziak izaten dira. Gure saioan, politikarien atzean dauden pertsonak ezagutu nahi ditugu, siglak ahaztuz. Politikariak, kirolariak eta musikariak izango ditugu saioan, baina bestelako gonbidatuak ere ekarri nahi ditugu. Badago jendea oso ezaguna ez dena baina zer esateko asko duena eta ibilbide interesgarria duena. Halakoak bilatuko ditugu. 32 atal izango dira, eta saioak abendura arte iraungo du emisioan.

Iruditzen zaizu Hamaikak formatua Gipuzkoan edo Bizkaian erabil dezakeela?

Bai, zergatik ez. Ez dago telebista katerik sukalde saiorik ez daukanik. Pertsonak ezagutzeko beste modu bat eskain dezake gure saioak. Gauza askoren inguruan hitz egin daiteke, eta ez une horretan zerbait gertatu delako edo liburu bat aurkeztu delako.

Nafarroan zer esaten dizu jendeak Hamaika telebistaz? Ikusten al da?

Erronketako bat da hori. Gaur egun, Iruñerrian eta beste toki batzuetan ikusten da. Baina, adibidez, nik Lakuntzan Internet bidez ikusi behar izaten dut. Bide bat egiteko dago oraindik. Gero eta presentzia nabarmenagoa izaten ari gara, eta ea laguntza gehiago iristen diren.

2016an Nafar Telebista itxi zuten. Nola bizi zenuen hura?

Pena handiarekin. Horrelako proiektu bat martxan jarri eta denbora gutxian bertan behera utzi behar izateak pena ematen du.

Euskal Herriko telebista txikien artean gauza handiak egin al daitezke?

Bai, eta elkarrekin batera egin daitezke. Gauza politak eta txukunak egin daitezke elkarrekin.

Haurrentzako saio bat egingo al zenuke?

Oso-oso gustura egingo nuke. Haurrek nahiko luketen zerbait egingo nuke, eta ez helduek bideratutakoa. Haiei galdetuz gero zer ikusi nahi duten, agian ezustekoren bat jasoko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.