Urtezaharrean jai handi batekin ospatuko du ETBk bere 30. urtemuga. Aurreko urteetan, Barakaldon, Donostian eta Gasteizen grabatu zituzten kanpaikadak. Aurten, berriz, Bilboko EITBko egoitzatik emango diote ongietorria urte berriari. ETB1en Kontuz, Atsuak saioko Maikruxek eta Marikarmenek emango dituzte kanpaikadak, eta Pello Zabala izango dute lagun. Gau horretarako prestatutako umore saioan, Zabala Arantzazun jaso eta Euskal Herriko hainbat herritan ibiliko dira atsoak, autobusean. Autobus horretara joango dira igoz ETBko aurkezle, aktore eta pertsonaia ezagun ugari. Guztiak Bilboko EITBko egoitzara iritsiko dira, 2013. urtea hasteko.
ETB2n, umorezko bi programa jarriko dituzte elkarlanean, urteari agur esateko saioa prestatzeko: Vaya semanita eta Al rescate. Javier Garcia de Bikuñaren gidaritzapean ari dira programa prestatzen. Kanpaikadak ETB2n ere EITBko Bilboko egoitzan emango dituzte, eta honako hauek izango dira aurkezleak: El Pelanas (Alejandro Tejeria), El Jonan (Javier Anton) eta Africa Baeta Teleberri-ko aurkezlea. Kontuan hartu behar da udazken honetan ez dutela Al rescate-ren atal berririk egin eta Vaya semanita-ko atal bakarra eman dutela —joan den astean eman zuten, eta %17,9ko ikusle kuota izan zuen—.
Iaz, Anjel Alkainek gidatutako 12 Baietz Finlandian urtezaharreko saioak euskaldunen artean %11,1eko ikusle kuota izan zuen —kanpaikadek, %16,1ekoa—. ETB2 kateko Badator 2012 saioak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %7,7ko ikusle kuota izan zuen.
Euskal Herriko aurkezle ugari
Espainiako kateetan Euskal Herrian jaiotako aurkezle dezente ariko dira kanpaikadak ematen eta 2013ko lehen saioak aurkezten. TVEn, esate baterako, Anne Igartiburu eta Imanol Arias arduratuko dira Puerta del Soletik kanpaikadak emateaz; Igartibururentzat zortzigarren aldia da, eta Ariasentzat, aurrenekoa. Gau horretako La1ko umore saioa Josema Yustek egingo du.
Antena3 katean, Carlos Sobera bizkaitarrak emango ditu kanpaikadak, Paula Vazquezekin batera. Ondorengo saio bereziaren gidaria beste euskal herritar bat izango da: Jorge Fernandez. Anna Simon izango du laguntzaile La ruleta de la suerte lehiaketako aurkezleak.
Bestetik, La Sextan Alberto Chicote sukaldariak eta Sandra Sabates aurkezleak emango dituzte kanpaikadak. Eta Tele5n, La que se avecina telesaileko aktoreak arduratuko dira urte berriari ongi etorria ematen: Jordi Sanchez, Pablo Chiapella eta Vanessa Romero.
Bi bakarrizketa saio
ETBk bi bakarrizketa saio emango ditu gabonetan, bata ETB1en eta bestea ETB2n. Euskarazko bakarrizketen programak Esatea Be izena du, eta gaur arratsaldean egingo dute grabaketa, Durangoko San Agustin kulturgunean. Bakarrizketak egiten ariko dira Kike Amonarriz, Yannick Vergara, Galder Perez, Pantxoa Hirigarai, Leire Ucha eta Urko Aristi. Urtarrilaren 2an emitituko dute.
ETB2rako, berriz, Gente Seria bakarrizketa saioa grabatuko dute datorren ostegunean, Bilboko BBK aretoan. Maribel Salas izango da aurkezlea, eta bakarrizketak egiten honako hauek ariko dira: Javier Merino, Txemi Parra, Gemma Martinez, Iñigo Salinero, Nerea Garmendia eta Patxi Alonso. Jose Antonio Perezek (Mimesacojea) zuzenduko du saioa, eta hilaren 27an emango dute.
Komunikazioa
Atsoek emango diote ongietorria 2013. urteari ETB1 katean
ETB2n, elkarlanean ariko dira 'Vaya semanita' eta 'Al rescate' umore programetako lantaldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu