Atresplayer Premiumek bere lehen telesail originala estreinatuko du

'El nudo' bihartik aurrera ikusi ahalko da plataforman. '#Lumelia' telesaila hasi dira grabatzen

El nudo telesailaren aktoreak: erdian, Cristina Plazas eta Natalia Verbeke. ATRESMEDIA.
urtzi urkizu
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Ikus-entzunezko sektorean izaten ari diren aldaketetara egokitzen ari dira Atresmedia eta beste komunikazio talde batzuk. Horren erakusgarri, Atresplayer Premium ordainpeko plataformarako propio ekoitzitako aurreneko telesaila estreinatuko du bihar Atresmediak: El nudo. Aurretik, modu esklusiboan jarri zuten plataforman Cuatro bodas y un funeral telesail laburra, baina hori ez zen Atresmediak ekoitzitakoa. Taldea gero eta baliabide gehiago ari da jartzen plataforma sustatzeko.

El nudo thriller bat da, 50 minutuko hamahiru atalez osatua. Maitasun istorio bat biziko duten bi bikoteren gorabeherak kontatzen ditu. Traman murgilduko diren pertsonaia batzuk, bestalde, sofa batean azalduko dira beren lekukotzak ematen. Haiek izango dira protagonisten istorioa kontatuko dutenak. Sonia Martinez, Jaume Banacolocha —La catedral del mar-en arduraduna— eta Montse Garcia dira telesailaren ekoizle eragileak. Aktore protagonistak, berriz, Natalia Verbeke, Cristina Plazas, Miquel Fernandez eta Oriol Tarrason dira.

Akzio transmedia izango duen ekoizpena da El nudo. Izan ere, fikzioak atari propio bat izango du, eta bertan Marta Robles kazetariak Poliziaren ikerketen inguruko informazioa emango du. Idazle batena egingo du Roblesek, eta istorioaren atzean dauden misterioak arakatuz joango da.

Atresplayer Premium plataformaren beste telesail original bat grabatzen hasi dira egunotan: #Luimelia. Amar es para siempre telesaileko Luisita eta Amelia pertsonaietan oinarritutako spin-off bat da. Paula Userok eta Carol Rovirak jokatzen dituzte rol protagonistak. LGTBI kolektiboaren ikusgarritasuna eta feminismoa landuko dituzte, eta sareetako zaleen fenomenoan ere arreta jarriko du.

Atresmediak websail laburrak sareratzeko Flooxer ataria du. Atari horretako Más de 100 mentiras websailaren bigarren denboraldia Atresplayer Premium plataforman estreinatuko dute abenduaren 15ean; Flooxer-en baino lehen, alegia.

Jordi Evoleren Mr. Trump, disculpe las molestias dokumentala ere ordainpeko plataforman jarri dute, eta ez dute oraindik irekian estreinatu.

'Branded entertainment'

Beste alde batetik, Atresmediak aurreneko aldiz auto marka batek sortutako telesail bat estreinatuko du asteon: Geonestesia. Atreseries doako katean eta webgune batean hasi dira ematen. Gizarte distopiko batean garatzen da trama, eta ikus-entzulea hausnartzera bultzatzen du. Atresmediak nabarmendu duenez, telebistarako egiten duen Branded entertainment-eko lehen fikzio originala da. Kontzeptuak adierazten du marka batek entretenimenduari bideratutako ikus-entzunezko ekoizpen bat sustatzen duela, baina marka ez dela modu esplizituan agertzen; Geonestesia-n, pertsonaia protagonistaren autoa marka ekoizlearena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.