Atlantida jaialdiaren ehun lan ikusi ahalko dira Filmin plataforman

Ander Iriarteren 'Karpeta urdinak' eta Izaskun Arandiaren 'My way out' dokumentalak dira tartean

Ander Iriarte zinemagilea, Karpeta urdinak dokumentala Donostian estreinatu zenean. GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
2023ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Zinemazaleentzat eskaintza oparoa egingo du aste honetan hasi eta abuztuaren 24ra arte Filmin plataformak: Atlantida Mallorca Film Fest (Herrialde Katalanak) jaialdiko ehun lan jarriko ditu bere katalogoan. Haietako batzuk ikusgai daude jada, eta beste batzuk datozen egunetan jarriko dituzte.

Aukeratutako lanen artean, Ander Iriarteren Karpeta urdinak dokumentala eta Izaskun Arandiaren My way out dokumentala daude. Biak Donostiako Zinemaldian estreinatu zituzten iaz, eta orain Filminen ikusi ahalko dira hainbat astez.

Torturaren inguruko film bat da Karpeta urdinak: Pako Etxeberria auzi medikuak Eusko Jaurlaritzarentzat zuzendu zuen txostenean dago oinarrituta. «Karpeta urdinak dira egiaren sinboloa, hemen gertatu denaren froga, eta inork auzitan jarri ezin dezakeena», adierazi zuen Iriartek dokumentalaren estreinaldiaren egunean. Ekainaren 26tik uztailaren 2ra BERRIAlagunek filma ikusi ahal izan zuten sarean. Kanaldudek ere estreinatu du jada, ekoizpenaren babesleetako bat baita.Documenta Madrid jaialdiko publikoaren saria eta Peruko Censurados jaialdian film onenaren saria jaso ditu, besteak beste.

Arandiaren My way out filmak, berriz, Londresko trans klub baten istorioa kontatzen du. Sei dokumental ekoitzi ditu Arandiak, eta Londresen grabatutakoa da zuzendu duen lehen film luzea. Diru laguntzarik gabe atera zuen aurrera proiektua.

Memoria historikoa

Arandiaren dokumentala LGTBI kolektiboari eskainitako atalean ikus daiteke. Iriarterena, berriz, memoria historikoari buruzko atalean sartu dute. Bestelako film interesgarri batzuk aurki daitezke atal horretan. Esate baterako, Mark Cousinsek zuzendutako March on Rome —1922. urtean, Benito Mussolini boterera nola iritsi zen kontatzen duena—. Atal berean ikus daiteke Nayola animaziozko filma, Angolako gerra zibileko emakumeen erretratua egiten duena. Baita June Zero ere, Adolf Eichmannen aurkako epaiketaren gainekoa —II. Mundu Gerran juduen erailketa masiboen erantzuleetako bat izan zen Eichmann—.

Atlantida jaialdiko Sail Ofizialean lehian diren film gehienak datorren astelehenetik aurrera egongo dira Filminen ikusgai; haien artean daude Charlotte Le Bonen Falcon Lake, Emmanuelle Nicoten Dalva, Matiss Kazaren Neon Spring, Juraj Leroticen Safe Place, Jonas Trukanasen Pensive, Mihai Mincanen To The North, Inna Sahakyanen Aurora's Sunrise, Susanna Nicchiarlliren Chiara, Fridtjob Ryderren Inland, Asaf Sabanen Delegation, Carmen Jaquierren Thunder, Viesturs Kairissen January eta Cedric Idoren The Gravity.

Rainer Wender Fassbinder zinemagilearen bilduma bat jarri dute ikusgai. Jaialdiko eskaintza aproposa izaten da Balear uharteetan egiten diren lanak ezagutzeko ere: lau film luze eta bederatzi film labur izango dira ikusgai datozen egunetan Sección Balearics atalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.