Atlantida Film Fest jaialdiko ehun pelikula baino gehiago ikusgai gaurtik aurrera Filminen

Gaur hasiko da Atlantida Film Fest jaialdia, eta ehun pelikula inguru aurkeztuko dituzte. Filminen ikusgai egongo dira guztiak, hilabete luze.

Joao Canijoren 'Mal viver' pelikula, Domestic saileko nabarmenduenetakoa. ATLANTIDA FILM FEST
Joao Canijoren 'Mal viver' pelikula, Domestic saileko nabarmenduenetakoa. ATLANTIDA FILM FEST
urko iridoy alzelai
2024ko uztailaren 19a
05:00
Entzun

Bueltan da Atlantida Film Fest jaialdia, Europako online zinemaldirik handiena. Aurten, 14. aldia dute, 2011n hasi eta ordutik urtero egin dute eta. Beste jaialdietan lekurik izaten ez zuten filmei erakusleiho bat ematea izan zen helburua hasieratik, eta denbora aurrera joan ahala, handituz joan da egitasmoa. Filmin plataformarekin batera egiten dute jaialdia, elkarlanean. Emanaldiak nagusiki online izaten diren arren, Palman (Herrialde Katalanak) aurrez aurreko emanaldiak ere izango dira. Aurrez aurreko saioak gaurtik uztailaren 28ra bitarte izango dira; Filminen, berriz, hilabetez ikusi ahalko dira pelikula guztiak, abuztuaren 19ra arte.

Ehun pelikula baino gehiago izango dira jaialdian, eta horiek Filminen ikusteko aukera izango da. Jaialdiak nazioarteko ikuspegia duenez gero, mundu guztiko zuzendariek aurkeztutako lanak bilduko dituzte. Film askok arrakasta lortu dute nazioarteko beste jaialdietan, eta kritika on gehiago biltzeko asmoz iritsi dira Balearretara. Bestalde, jaialdian emango diren ehun film horietatik 36 estreinaldiak izango dira. Atlantida Film Festeko izar handien artean Steve McQueen, Radu Jude, Joao Canijo eta Michel Houellebecq aurki ditzakegu.

Jaialdia zenbait ataletan banatuta dago. Hirugarren urtez, Sail Ofiziala izango da jaialdiko izarra. Aurten, hamahiru film lehiatuko dira sail horretan, eta beste bi hartatik kanpo. Gazteen ezinegona jorratzen dituzten hainbat pelikula daude tartean, hala nola Baan, Leonor Teles zuzendari portugaldarrak aurkeztutako lana. Milenial belaunaldiaren alineazioaz hitz egin, eta haien ikuspuntua gazte protagonista baten begietatik kontatzea lortu du Telesek. First Case drama Victoria Musiedlakek zuzendu du: film horretan, lizentziatu berri den abokatu batek gazte baten kasua hartuko du, bizilaguna hiltzea leporatu baitiote. Beste pelikulen artean Brutální vedro (Albert Hospodarsky), Elfogy a levego (Katalin Moldovai)eta Rossosperanza (Annarita Zambrano) nabarmentzen dira.

Diptiko bat

Domestic atalean, egunerokoan aurkitu daitezkeen arazoak irudikatzen dituzten pelikulak aurkezten dira. Joao Canijok diptiko bat sortu du sail horretarako, Mal viver eta Viver mal pelikulez osatua. Bietan testuingurua berdina da, eta baita ere kontatutako istorioa, baina ikuspuntuak aldatzen dira. Mal viver-ek hotel zahar bat kudeatzen duten bost emakumeren bizitza du ardatz. Viver mal lanean, berriz, protagonistak aldatu egiten dira, kontakizunaren beste aldea ezagutzeko. Anti Squat, The Uncle eta Hoard dira Domestic ataleko beste film batzuk.

Sasquatch Sunset da Piztiak eta Katanak sailean gehien nabarmendutako pelikula. David eta Nathan Zellner zuzendariek istorio fantastiko bat sortu dute, non oin handien familia baten bizipenak kontatzen dituzten, komedia kutsuz. Adituek diotenez, Zellner anaien pelikula Rainer Sanseten Nähtamatu võitlus lanarekin batera arituko da jaialdiko film arraroenaren lehian. Nu astepta prea mult de la sfârsitul lumii Radu Jude zuzendariaren lana da, eta Gijongo (Asturias, Espainia) zinemaldia irabazi berri du. Horrez gain, Locarnon ere beste sari bat irabazi zuen.

LGTBI kolektiboak beti izan du txoko bat Atlantida Film Fest jaialdian, eta aurten ez da gutxiago izango. Queers atalean The Visitor (Bruce la Bruce), All the Colours of the World are Between Black ad White (Tunde Apalowo), To kalokairi tis Karmen (Zacharias Mavroeidis), Pretty Red Dress (Dionne Edwards) eta Lessons of Tolerance (Arkadii Nepytaliuk) pelikulez gozatzeko aukera izango da.

Azkenik, Guda Denborak, Maitasuna Zoriontasuna, Umeentzat, Klasikoak, Arteak, eta Krimena eta Zigorra sailek ere ordezkaritza izango dute jaialdian, eta Filminen ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.