Athletic futbol taldea eta Max streaming plataforma akordio batera iritsi dira, Essence Mediacom eta mStudio enpresekin batera, The Last of Us telesailaren (HBO) bigarren denboraldia promozionatzeko. Gauzak horrela, igande honetan Athleticek Bilbon Rayoren aurka jokatuko duen partidan, jokalari zuri-gorriek telesailaren hitzak eramango dituzte kamisetan. Horrez gain, gaurtik hilaren 15era bitartean, San Mames estadioko fatxada argiztatuta egongo da, estreinaldiarekin bat egiteko.
Jon Uriarte Athleticeko presidentea pozik mintzatu da elkarlan horren inguruan: «Oso pozik gaude Max-ekin hitzarmen hau sinatzeagatik eta mundu osoan sona handia duen The Last of Us telesaila promozionatzeagatik». Telesailaren izenburua «oso iradokitzailea» dela uste du Uriartek, «Athleticen filosofia bikain islatzen baitu». Uriartek nabarmendu du ez direla talde asko era horretan lanean jarraitzen dutenak: «Europako bost liga handietan, tokiko futbolariekin lehiatzen den talde bakarra gara. Hori naturala zen futbolaren hastapenetan. Baina talde erromantikoen artean azkenak gara, eta, telesailean bezala, gure nortasunarengatik borrokan ari gara. Borrokan, kontrako inguru batean». Aliantza horrek futbol taldeari mesede egingo diola argi du Uriartek: «Berritasunerako dugun konpromisoa islatzen du akordioak, baita Athleticen marka nazioartean zabaltzekoa ere».
The Last of Us bideojoko arrakastatsu batean dago oinarrituta. Lehen denboraldiak harrera oso beroa izan zuen; 2023an, gehien pirateatu zen telesaila ere izan zen. Bigarren denboraldia astelehenetik aurrera ikusi ahalko da Euskal Herrian, Max ordainpeko plataforman —astez aste ematen dituzte atalak—. Aktore protagonistak Pedro Pascal eta Bella Ramsey dira. Lehen denboraldiko istorioa gertatu baino bost urte geroago gertatuko dira atal berriak.
HBOk iragarri du hirugarren denboraldia grabatzea hitzartu dutela.