Orain arte Internet bidez baino ezin zen entzun Ataun Irratiaren programazioa, baina hemendik aurrera FMko 107.2 frekuentzian ere entzun ahalko da Ataungo auzoetan (Gipuzkoa). Duela hiru urte, irrati transmisio bidez ataundarrengana heltzeko eskaera bideratu zion ATI Komunikazio Elkarteak Ataungo Udalari, eta, landu ondoren, egoera bat eta bestea aztertu, eta uhinetara egin du salto, azkenean, Ataun Irratiak.
Arrosa irrati sarearen egun berezia ospatuko dute bihar Ataungo San Gregorio auzoko Bikario Etxean, eta Martin Aramendi Ataungo alkateak hitza hartuko du Zebrabidea saio berezian, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Ioar Aizpurua Ataun Irratiko zuzendariak eta Ekhiñe Zapiain esatariak gidatuko dute Zebrabidea, 11:00etatik 13:00etara. Ataun Irratiko beste esatari batzuek, gainera, etorkizunerako asmoez hitz egingo dute. Eta, hain zuzen ere, Zebrabidea izango da FMn entzun ahalko den Ataun Irratiko aurreneko zuzeneko irratsaioa.
Aizpurua izan zen irratiaren sortzaileetako bat. Azaldu duenez, irratia Internet bidez entzun ahal izan da hamahiru urte hauetan. Baina ezin izan dira herritar guztiengana iritsi. «Adineko jendeak ez du erraztasun hori irratia Internet bidez entzuteko, eta FM bidez entzutea eskatzen ari ziren». Horregatik jo zuten udalera, FMrako egitasmoaren proposamenarekin. «Udalak begi onez ikusi zuen proposamena. Udalerriaren lizentzia libre zegoela ikusi zuten, eta udalak bere gain hartu zituen lizentziaren kostuak». Hortaz, irratiak eta udalak elkarrekin landu dute egitasmoa.
Hasteko, lehen egunetan San Martin auzoan entzungo da Ataun Irratia. «Gero, San Gregorio eta Aia auzoetara eta beste eremuetara iritsiko da», adierazi du Aizpuruak. Internet bidez emititzen jarraituko du irratiak helbide honetan: www.ataunirratia.eus.
Programazio zabala
Herri txikia da Ataun: 1.720 biztanle inguru ditu. Baina herriko irratiak euskarazko eskaintza erakargarria du. Arrosa irrati sareari esker, Naiz Irratiaren Informazioaren Haria ematen dute, baita arratsaldero Arrosa sarearen Zebrabidea magazina ere. «Gure nortasunari eutsita, programazioa osatu ahal izan dugu. Urrea da Arrosakoen edukiak emititu ahal izatea», dio Aizpuruak.
Ane Muruak, berriz, Ataun Irratiko musika formula berezi bat eskaintzen du astegunetan, 18:00etatik 21:00etara. Iluntzeetan, askotariko saioak ematen ditu irratiak: asteartetik ostiralera, 21:00etatik 22:00etara, Beste bat saioa ematen dute; astelehenetan, Musibla (21:00), Beranduegi (22:00) eta Kolax (23:00); astearte gauean, Global Musik (22:00) eta Reggae Fever (23:00); asteazkenean, Gelditu makinak (22:00) eta Uluka (23:00); ostegunean, Game Erauntsia (22:00) eta Sarean Zehar (23:00); eta ostiralean, Gramofonoa (22:00) eta Otea LIli (23:00).
Larunbat eta igande goizean, Gorka Santestebanek emankizun berezia egiten du 07:00etatik 11:00etara. Aizpuruak berak Bide ertzean saioa egiten du larunbatean, 11:00etatik 13:00etara —igandean errepikatzen dute, ordu berean—. Leire Perlines aritzen da gidari larunbatean eta igandean, 13:00etatik 17:00etara; eta Julen Iraolak hartzen du lekukoa, 17:00etan hasi eta 21:00ak iritsi bitartean.