Mikel Elizegi okina da Hernanin (Gipuzkoa), eta egunero 05:13an jaikitzen da, opilak eta barrak prestatzeko. Azken boladan, atsedena hartzeko aukera gutxi izan du. Lanetik atera, eta food-truck sukalde furgoneta batera igo da, Donostia, Mundaka (Bizkaia) eta Arabako Errioxaraino joateko. Eta, halere, pozik dago. Izan ere, Pintxo & Pote On Tour saioa grabatzen aritu da Asier Hormaza aktorearekin. Astelehenean estreinatuko dute, 22:30ean, ETB1en.
Bigarren sasoia du gastronomia saioak. Iaz, Andoni Agirregomezkorta aktorea izan zuen lagun Hormazak, eta, elkarrekin, Euskal Herriko pintxo-potearen gune garrantzitsuenetako batzuk bisitatu zituzten, ikusleei erakusteko asmoz. Aurten, ordea, Elizegi izango da Hormazaren kidea, eta janari furgonetan ibiliko dira handik hona.
Agirregomezkortak ETB2n Dale Una Vuelta lehiaketa aurkezten hasi denez, Elizegiri deitu zioten, besteak beste «ukitu ganberroxeagoa eman nahi ziotelako», okinak berak azaldu duenez. «Gustatu zitzaidan ideia: jatekoa, edatekoa, ongi pasatzea...», gaineratu du. Gogorra izan dela onartu du Elizegik, okindegian zortzi ordu lan egin ondoren abiatzen zelako berandu arte furgonetan aritzera.
«Food-truck horrek joko handia ematen digu», adierazi du. «Gure showkaldea» esaten diote Elizegik eta Hormazak ibilgailuari. Hara gonbidatzen dituzte sukaldariak plater bereziak prestatzera, eta pintxoak banatzen dituzte herritarren artean. Disko jartzaileak ere eraman dituzte ibilgailuan, musika jartzera. «Pello Zabalarengana ere eraman dugu furgoneta, bedeinkatzera».
Euskal Herriko kabiarra
Gauza asko ikasi ditu Elizegik furgoneta bidaiotan. Besteak beste, kabiarra probatu du lehen aldiz, eta ez edonolakoa: Esan [Nafarroa] hazitako gaizkata arrainei kendutako arrautzekin eginikoa. «Nik uste nuen Errusiatik ekartzen zutela hori, eta begira: Esan!». Pintxoa prestatu zuten Asier Augerekin. «Ikusgarria», okinaren arabera.
Hormazak eta Elizegik lagundu egiten dute sukaldean, Josema Azpeitia adituaren aholkuei jarraituta.
Bisitaturiko lekuetan, harreman «polita» izan dute herritarrekin. «Batzuk, erdaldunak gehienetan, hanburgesak eskatzera etorri izan zaizkigu, behin baino gehiagotan», esan du okinak. Bastidan (Araba) egon ziren Araba Euskaraz jaian, eta, Elizegik kontatu duenez, «sekulako ilara» egin zen, patatak prestatu zituztelako. «Udara da, eta disfrutatu egin behar da».
Hiru saio grabatu dituzte. Donostian, besteak beste Zazpi taberna-jatetxean egon dira, azken bi urteotan Gipuzkoako Pintxo Txapelketa irabazi duen Paul Arrillaga sukaldariarekin. Horrez gain, ostrak dastatuko dituzte K4ko Maitena Salinasekin. Ilarra tabernako Josean Eizmendi eta Aratz jatetxeko Xabi Zabaletarekin egon dira.Txurruk eta Amaia Puertasek Donostian ibilbide gastronomikoa egiten lagunduko diete, besteak beste, San Martin merkatuan.
Mundakako eta Bastidako txangoez gain, Orion eta Getarian (Gipuzkoa) arituko dira, Lizarran (Nafarroa), eta Ondarroan eta Bermeon (Bizkaia).
Kontraste handia: itsasertzetik, barnealdera. «Propio nahi genuen dena ukitu», esan du. Iparraldean ere ibili nahi izan dutela esan du, baina arazoak izan dituztela: «Behin edo bitan tabernariek ezetz esan digute». Herriz herri «tabernarik onena» non dagoen aurkitzen saiatzen dira. Horrez gain, lehiaketa egiten dute. Mundakan, esaterako, hiru surflari konbentzitu zituzten etxetik pintxo bana ekartzeko, horien artean hoberena hautatzeko. Umore giroa da nagusi saioan. «Abentura gastroalaia da», Elizegiren arabera.
Astelehenean itzuliko da ETBra 'Pintxo & Pote On Tour' saioa
Mikel Elizegi arituko da denboraldi honetan aurkezle Asier Hormazarekin, eta janari furgoneta bat eramango dute herriz herri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu