Astelehenean hasiko da Egunean Behin-en hurrengo denboraldia

Hamar aste iraungo du 17. denboraldiak: apirilaren 6ra arte. Codesyntax enpresak joko berri bat estreinatuko du hemendik gutxira.

Egunean Behin jokoa. BERRIA
Egunean Behin jokoa. BERRIA
urtzi urkizu
2025eko urtarrilaren 24a
09:00
Entzun

Codesyntax enpresak Egunean Behin jokoaren hurrengo denboraldia iragarri du. Datorren astelehenean hasiko da 17. denboraldia, eta hamar aste iraungo du: apirilaren 6ra arte. Euskararen erabilera sustatzeko asmoarekin, Euskaraldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak babestuko dute.

Sariak eta babesleak izan ohi ditu jokoak. Datorren denboraldian, hauek izango dira asteroko lehia babesten eta sariak ematen, besteak beste: Euskaber —Eusko Label arrautzak—, Taupa Mugimendua, eta Gidabaimenak Euskaraz euskal auto eskolen ekinbidea. Denboraldi amaieran, Kultura eta Hizkuntza Sailaren sari nagusiak banatuko dituzte: lehen sailkatuari telebista bat emango diote; bigarren eta hirugarren sailkatuei, telefono bana; eta aurikularrak eskuratzeko aukera ere izango da zozketa bidez. Jokoan ematen dituzten sariak jende gehiagoren artean banatzeko asmoz, gainera, saridunak ez errepikatzeko arauak eta funtzioak egongo dira jokoan.

Beste joko bat laster

Egunean Behin-en ereduaren arrakasta ikusita, aste gutxi barru beste joko bat jarriko du abian Eibarko (Gipuzkoa) Codesyntax enpresak. Egunean behin egiteko erronka bat planteatuko dute aplikazio berri horretan, baina desberdina izango da. Erabiltzaile euskaldunei zuzendutako edukiak izango dira nagusi joko berrian. Egunean Behin-en bertan iragarriko dute jokoa hemendik gutxira, aste jakin bateko babesle bihurturik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.