Podcastak

Astelehenean estreinatuko dute 'Holobiontea' fikziozko podkasta

Zientzia fikzioa eta thrillerra uztartuko dituen 'Holobiontea' soinu fikzio berria jarriko dute EITBPodkast plataforman. Astelehenean estreinatuko dute. Aurretik, baina, lehen atalaren entzunaldi berezia egin zuten atzo, Donostiako Aquariumean.

EITBPODKAST Holobiontea 1
Zuzendari, aktore eta beste hainbat langile, atzo, 'Holobiontea'-ren lehen entzunaldian. EITBPODKAST
pettan uralde
Donostia
2024ko otsailaren 22a
05:00
Entzun

«Zurriolako hondartzan izaki bat agertu da hilda. Izenik ez duen espezie arraro bateko izakia surflari batek topatu du itsasertzean...». Horrela hasten da Holobiontea, ULU Mediak EITBPodkasterako ekoitzi duen lana; sei ataletan banatuta dago. Zientzia fikzioa eta thriller psikologikoa uztartzen ditu, eta otsailaren 26an estreinatuko dute podcast formatuan ekoitzitako soinu-fikzio saila.

Hain zuzen ere, Donostiako Zurriolako hondartzan hilda agertu den eta izenik ez duen espezie arraro bateko izakia du lanak ardatz. Surflari batek topatu du itsasertzean, eta munduko komunitate zientifikoaren arreta piztu du aurkikuntzak, Matthew Mendoza euskal jatorriko ikerlari estatubatuarra ere Euskal Herrira erakartzeraino. Idurre Aldazabal EHUko Biologia irakaslea deitu du Eusko Jaurlaritzak ikertzaile taldearen buru izan dadin. Segituan ohartuko dira, ordea, ez dela izakia sarean erori dena, eurak baizik. Ez dago espezieen katalogoan sailkatua, baina harrapakaria da. 

Oier Aranzabal izan da Holobiontea ekoitzi duen lantaldearen zuzendaria, eta Xabier eta Martin Etxeberria anaiek egin dute gidoia. Soinu banda, berriz, Maite Larburuk ekoizpenerako espresuki sortua da. Alain Urrutiak egin ditu irudiak eta Anartz Zuazuak zuzendu ditu aktoreak. Protagonistak, berriz, Nagore Aranburu, Iban Garate eta Asier Hormaza dira; Aitziber Garmendia, Klara Badiola, Patxi Santamaria, Kandido Uranga eta Bieuse aktoreen elkarteko kideak ere azaltzen dira. 

Atzo goizean egin zuten podcast berriaren entzunaldi berezia, Donostiako Aquariumean, eta Maite Goñi EITB Mediako Audio eta Digital arloko zuzendariak Artxipelagoa fikzio podcast arrakastatsuari segida emango diola adierazi zuen bertan. Helburua «soinua eta fikzioa indartzea» dela berretsi zuen. «Euskaraz kalitatezko eduki interesgarriak eskaini nahi ditugu, belaunaldi berriek kontsumitu nahiko dituzten edukiak; eta Holobiontea eredu bikaina da», erantsi zuen.

Protagonistak harrituta

Protagonistek ere lehen entzunaldia izan zuten gainontzeko publikoarekin batera, eta pozik agertu ziren lehen produktu horren emaitzarekin. Iban Garatek, adibidez, onartu zuen beretzat «oso berezia» izan dela soinu fikzioan lehen aldiz aritzea. «Aktoreak bakarrik lan egin beharrak eta elkarrekin ez egoteak asko markatzen du lana egiteko modua. Harrigarria egiten zait zeinen ondo enpastatua dagoen guztia, sorpresa oso ona izan da niretzat».

Nagore Aranburuk ere «harrituta» geratu zela adierazi zuen, eta lehen entzunaldia asko gustatu zitzaiola berretsi zuen. «Gidoiak irakurrita, oso entretenigarria izango zela ikusi nuen, baina gero kanpo soinuarekin oso ondo entzuten da istorioa».

Asier Hormazak Imanolen rola jokatzen du istorioan, eta bere lankideen hitzak berretsi zituen lehen atala baloratzeko orduan. «Musikak eta efektuek bikain laguntzen dute, eta, istorioak aurrera egin ahala, jendea konturatuko da nola harrapatzen zaituen tramak».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.