Serializados Fest nazioarteko telesailen jaialdia Bartzelonan eta Madrilen egin ohi dute. Baina aretoetako proiekzioez aparte, Filmin plataformak ere bat egiten du jaialdi horrekin: hartaz, Serializados Fest-ek hautatutako berrogei lan baino gehiago gaur hasi eta hilaren 27ra arte ikusi ahalko dira bertan.
Sail Ofizialeko telesail hauek jarriko dituzte Filmin plataforman: Charlie Covellek sortutako Truelove (Erresuma Batua), Kaspar Munken Secrets (Danimarka), Dianne Taylorrek eta Robyn Malcomek sortutako After the Party (Zeelanda Berria), David Schalkoren Kafka (Austria) eta Pelle Radstromek sortutako Pressure Point. Telesail horiek guztiak jatorrizko bertsioan ikusi ahalko dira, katalanezko eta ingelesezko azpidatziekin. Kasu gehienetan soilik lehen bi atalak jarriko dituzte.
Panorama sailean, hainbat herrialdetako 33 telesail izango dira ikusgai; telesail askotan gaztelaniazko azpidatziak izango dira erabilgarri. Short Form sailean, formatu laburreko lau telesail jarriko dituzte.
Bestalde, dokumental berezi bat ere ikusgai egongo da egunotan Filmin plataforman: Getting Lost. Taylor Mordenek egin duen lan horretan, Lost telesailaren zaleen komunitatearen ingurukoak kontatuko dituzte. J.J. Abrams, Damon Lindelof eta Carlton Cuse telesailaren sortzaileak elkarrizketatu dituzte, baita ekoizpen hartan parte hartu zuten hainbat lagun ere. Ingelesez jarriko dute gaur dokumentala, gaztelaniazko azpidatzien aukerarekin.