Askotariko solasak Xaloaren 25. urteurrena ospatzeko

'Sudurgorri' umorezko saioa estreinatuko dute astelehenean. Hamasei hitzaldi antolatu dituzte. Haurren programa bat ere egin dute

Umorezko albistegi baten modukoa da Sudurgorri saioa. Xaloak astean bitan grabatzen du, Iruñean. XALOA TELEBISTA.
urtzi urkizu
2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Urriko azkeneko asteburuan beteko dira 25 urte Xaloa telebistak emankizunak hasi zituenetik. «Euskara laguntzeko, euskaraz aritzeko eta euskara normaltasunera eramateko sortu zen telebista», azaldu du Joseba Igarabide Xaloako zuzendariak. Horretan jarraitzen dute, mende laurden bat geroago. Baztan, Bertizarana eta Malerreka eskualdeetan (Nafarroa) hasi zuen bidea hedabideak, baina egun Iruñerrian ere eskaintzen du zerbitzua euskarazko herri telebistak.

Katearen 25. urteurrena ospatzeko, hiru egitasmo prestatu dituzte: euskarazko hamasei hitzaldi —gehienak Iruñerrian—, Sudurgorri umorezko saioaren hamasei atal —astelehenetan eta ostegunetan emango dute—, eta Jostetan lehiatu haurren programa —hilaren amaieran estreinatuko dute—.

Sudurgorri programa mahai inguru «eroa» izango da, Igarabideren arabera. Mahai baten bueltan elkartuko dira Maider Lazkano, Itsaso Etxeberria eta Danelicious youtuberra. Etxeberria da programako moderatzailea, eta albistegi «jostalaria» izango dela azaldu du. «Gaur egungo berriak jorratuko ditugu, umorez. Munduan gertatzen denaz hitz egingo dugu, mugarik gabeko umorearekin». Filtrorik gabe arituko dira hiru solaskideak. «Ez gara askorik mozten», aitortu du Etxeberriak.

Sudurgorri saioa nola egiten duten ikustera joan daitezke herritarrak. Izan ere, Iruñeko Kondestablearen jauregian grabatzen dute, astelehenetan eta ostegunetan, 20:30ean. Edonor joan daiteke bertara. Hilaren 24an egingo dute azkeneko grabaketa.

Etxeberriak esan du albiste batzuei bira «berezi samarra» ematen diotela. «Esaterako, Ingalaterrako erregina Elizabeth II.aren heriotzaren ostean, herrialde horretako monarkiako familia nola dagoen aritzen gara kontatzen. Gauza guztiak nahasten ditugu. Kirola ere gure modura kontatzen dugu».

Zentzurik gabeko hainbat bitxikeria eramaten dituzte, bestetik, Jaja ez, zer gertatu da atalera.

Bestelakoa da Jostetan lehiatu haurren programa. 8-12 urteko neska-mutikoekin jokoak antolatu dituzte Nafarroako herri ugaritan. «Euskaraz jostatzen parte hartu dute haurrek», azaldu du Igarabidek. Herri hauetan egin dituzte grabaketak: Elbeten, Erratzun, Arraiozen, Arantzan, Etxalarren, Leitzan eta Oronoz-Mugairin. Hilaren 25etik aurrera ikusi ahalko da programa.

Hitzaldiak, Geltokin

Urteurrena ospatzeko Xaloak antolatu dituen hitzaldi gehienak Iruñeko Geltoki tabernan egingo dituzte. Datorren asterako, adibidez, honako bi solasaldi hauek prestatu dituzte: asteartean, Gazteak eta sare sozialak gaiaz mintzatuko dira Aiora Mujika eta Iruñe @Arkkuso; eta asteazkenean, Iruñerriko musikaren nondik norakoak azalduko dituzte Ez Dago Hilda kolektiboko hainbat ordezkarik. Euskal Herriko komunikabideen inguruko hitzaldi bat ere egingo dute Geltokin, hilaren 25ean; solaskideak Ahotsa-ko Miguel Angel Llamas, Euskalerria Irratiko Reyes Ilintxeta eta Argia-ko Xabier Letona izango dira. Solasaldi horiek guztiak Xaloa telebistan eta webgunean ikusi ahalko dira aurrerago.

Igarabidek, bestetik, nabarmendu du bizirik irautea nahikoa meritu badela Xaloarentzat. «Egoera zailtzen ari da, eta hedabide tradizionalek berriztatu beharko dute. Gure helburua euskara etxeetara iristea da, eta gizarte zerbitzu bat eskaintzea, bertatik eta bertako edukiekin».

Xaloaren proiektua egonkor dago. «Jasotzen dugun diruari ahalik eta errentagarritasun handiena ematen saiatzen gara», esan du telebistako zuzendariak.

Tokiko telebistek egun duten arazo batez ohartarazi du, bestetik, Igarabidek: «Movistarren eta beste telefonia plataforma batzuetan, Xaloa ez dute sartzen; katea ikusteko, atera egin behar da, LTDko kateetara. Horrek zaildu egiten du gure egoera, eta erantzuten saiatzen ari gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.