Gidoilaria eta zinemagilea

Clara Roquet: «Asko gozatu dut thriller generoko kodeetan murgiltzen»

Disney Plus plataformak 'Las largas sombras' telesaila estreinatuko du bihar. Roquetek Donostiako Crossover jaialdian aurkeztu zuen lana. Zuzendu duen lehen telesaila da.

Clara Roquet zinemagilea, Crossover jaialdian, apirilaren 27an. ANDONI CANELLADA / FOKU
Clara Roquet zinemagilea, Crossover jaialdian, apirilaren 27an. ANDONI CANELLADA / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2024ko maiatzaren 9a
05:00
Entzun

Petra, 10.000 km eta Creatura filmen gidoilaria da Clara Roquet (Malla, Katalunia, 1988). Zuzendu zuen lehen filma Libertad izan zen, eta hainbat sari jaso zituen; tartean, zuzendari berriaren Goya saria.

Nola sortu zen Elia Barceloren Las largas sombras eleberria telesail batera eramateko ideia?

Ideia Jose Manuel Lorenzorena izan zen. Lorenzok nobela irakurtzeko eskatu zidan, eta istorio indartsua zela iruditu zitzaidan. Emakumeen thriller bat izatea gustatu zitzaidan, baita pertsonaia nagusiek geruza asko izatea ere. Gainera, ez dira klixeak nagusitzen: ez dago ona eta zintzoa. Emakumeen arteko adiskidetasunak ere garrantzia du istorioan; adiskidetasuna bere argi-ilunekin, baina sendatzeko eremu gisa ere bai.

Ordu eta erdiko film baterako gidoiak idazteak eta sei ataleko telesail baterako idazteak ez dute zerikusirik, ezta?

Oso desberdina da. Ni beranduago sartu nintzen gidoien prozesuan. Baina aukera eman zidaten gidoiak berriro idazteko, eta oso eskertzekoa da hori. Gidoilaria naizen aldetik, arraroa egingo zitzaidan nik idatzi ez dudan zerbait zuzentzea. Bestetik, gidoia entseguetan lantzea ere asko gustatzen zait, aktoreekin lan egitea. Asko gozatu nuen thriller generoaren kodeetan murgiltzen eta horiekin jokatzen.

Telesail batean gehiago sakondu daiteke pertsonaietan.

Pertsonaiak askoz luzeagoak dira film batean baino. Ni beti pertsonaiatik abiatzen naiz.

Aktoreen lanarekin pozik zaude?

Oso-oso pozik. Ez dakizu zer zoriontsu sentitzen naizen aktore hauekin lan egin ahal izan dudalako. Elena Anaya, Marta Etura... miretsi izan ditudan aktoreak dira, eta jabetzen zara zergatik duten halako aitortza [Itziar Atienza, Belen Cuesta eta Irene Escolar dira beste protagonistak]. Perfekzionistak dira, eta oso sortzaileak. Pertsonaien sorkuntzan parte hartu zuten. Iruditzen zait aktoreek sormen prozesuan parte hartzen dutenean gero inplikazio emozionala handiagoa dela.

Telesaila eginaz ikasi dituzun gauzetatik, zer nabarmenduko zenuke?

Ikasi dut garrantzitsua dela norbere prozesua aurkitzea, eta ez pentsatzea ustez egin beharko litzatekeen horri jarraitu behar zaionik. Entseguetan eta platoan gidoiak ere berridatzi egiten genituen, eta emaitza oso nirea dela esango nuke. Prozesu tradizionalago batekin, emaitza beste bat izango zen.

Emakumezko pertsonaia horiek ertz asko dituzte. Eta haien artean sekretuak daude, baita maitasun asko ere. Nola aberasten du horrek guztiak istorioa?

Ertz asko izatearen ideia hori gustatzen zait. Emakume protagonistek maskara bat daramate, eta denborarekin ikusleak deskubritzen du zer dagoen atzean. Bestetik, metafora egokia amildegiarena da: hondoko itsasoari begiratzea, amildegian murgiltzea.

Clara Roquet zinemagileak Crossover jaialdian 'Las largas sombras' telesaila aurkeztu du
Clara Roquet zinemagilea, Donostian, apirilaren 27an. ANDONI CANELLADA / FOKU
Zalantza bat: nola da posible polizia batek bere ahizparen hilketa ikertu ahal izatea? Errealitatean arazo asko izango lituzke...

Polizia horrek ofizialki ez du ahizparen hilketa ikertzen. DVD batzuk eskatzen dizkio ahizparen klasekide bati, baina hori ez du polizia gisa egiten. Gero, Lenaren hilketa ikertzen hasten da, eta bi kasuak lotzen ditu. Baina badago eszena bat, non baten batek esaten dion auzia pertsonalegia dela, eta ezin duela hori ikertu. Ez nuen aditzera eman nahi Poliziak halakorik egin dezakeenik.

Libertad filma ere emakumeen istorio bat zen. Fikzioan aniztasun gehiago dago egun emakumezko pertsonaien artean?

Hala espero dut. Emakumezko zinemagileen belaunaldi bat iritsi gara, eta oso harro sentitzen naiz belaunaldi horren parte izateaz. Horrek ekar dezake istorioak kontatzeko modu desberdinak zabaltzea. Funtsezkoa da hori kultura eta gizarte pluralagoa eta inklusiboagoa izateko. Emakumeon artean ez gabiltza lehian, elkar laguntzeko gaude.

Etorkin baten alaba nerabea da Libertad-en protagonista, eta klase desberdintasunak jorratzen dira. Gaia ez da asko landu fikzioan, ezta?

Erreakzio bateratua izan zen ona zela istorio bat migraziotik eta klasetik kontatzea. Filmak auzitan jartzen du pribilegioa.

Telesail bat egin daiteke gai horrekin?

Ondo legoke. Baina telesail bat zuzendu ostean, zinemara itzultzeko gogoz nago. Laster nire bigarren film luzea zuzenduko dut, baina ezin dut gehiago esan.

Zinema aretoetako estreinaldiek eta plataformetakoek ez dute zerikusirik. Las largas sombras bihar estreinatuko da, baina etxeetan.

Bai, kontsumoa oso desberdina da. Irrikan nago jakiteko telesailak zer harrera duen.

Plataformen zabalkundeaz zer iritzi duzu?

Ondo dagoela uste dut. Garrantzitsuena da aniztasun handia egotea, eta horri esker lana izatea. Zinema aretoek eta zinemak egon behar dute aurrerantzean ere, eta plataformek pelikulak aretoetan estreinatu behar dituzte. Plataformak eta zinema aretoak batera bizi daitezke, ez dira antagonikoak. Gure lanak finantzatzeko eta banatzeko zenbat eta leiho gehiago izan, orduan eta hobeto.

Las largas sombras telesailaren trailerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.