Artisten baldintzez hitz egiteko

Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak 'Ez gatoz Paristik' podcasta sortu du

Azpeitiko Dinamoan ari dira podcasta grabatzen eta ekoizten. YURI AGIRRE.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko urriaren 15a
00:00
Entzun
«Ez beldurtu. Edo bai. Ez goaz adarrik moztera, inor zatikatzera. Edo bai. Liburu batek, disko batek bizitzarik bat ote duen zuretzat, horren arabera... Horixe zatikatuko dugulako datozen minutuetan, metaforikoki bada ere...». Amagoia Gurrutxaga kazetari eta Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteko koordinatzailearen ahotsarekin hasten da Ez gatoz Paristik podcastaren lehen atala. Aste honetan estreinatu dute BERRIAn eta Lanartearen webgunean. Beste bost atal ere entzungo dira datozen asteetan—bi astean behin sareratuko dituzte—. Gurrutxaga gidari, eta Ander Mujika soinu errealizazioan. Hainbat sortzaileren ahotsa lagun. Artisten lana eta bizi baldintzak ezagutzeko. «Haiek ezagutarazteko eta hobetzeko», dio Gurrutxagak.

Lehen atalari Zatiketak izena jarri diote —bideo ikusgarria egin dute iragartzeko—. Eta, bertan, Patxi Zubizarretaren iritzia entzuteko aukera dago. Elkarrizketatu dituzte Joseba Baleztena musikaria, Eider Eibar marrazkilari eta ilustratzailea, eta Miren Narbaiza Mice musikaria.

Gartxot Unsainek Zubi-musu bat izeneko kanta sortu du, Gabriel Arestiren Apur dezagun katea eta Orixeren Neretzat ote haiz poesiak uztartuta.

Podcastak baduela sormenetik azaldu du Gurrutxagak: «Sormenetik irauli nahi dugulako gure kultur sisteman betikotuta eta erabat normalizatuta dagoen babesgabetasuna». Ohartarazi duenez, hamaika aldiz deitzen zaie sortzaileei bateko eta besteko arazoen gaineko kontzientziazioa bultzatzeko. «Erabil dezagun, bada, gure arazoen gaineko kontzientziazioa bultzatzeko ere». Filosofia horrekin egin zuten, esaterako, Loreak belaunetan dokumentala.

Lanartea elkarteko koordinatzaileak nabarmendu du artistak kultur sistema «oso zaurgarri» baten eragile garrantzitsuak direla. «Hor eragiteko tresna oso baliagarria iruditu zaigu podcastaren formula».

Podcastaren egitasmoa aurrera eramateko, Azpeitiko (Gipuzkoa) Kulturaz Kooperatibak kudeatzen duen Dinamoko soinu laborategia bidelagun izaten ari dira, Ander Mujikaren eskutik.

Beste alde batetik, irrati-narrazio sorta satiriko bat ari dira egiten podcasterako. Harkaitz Canok idatzi du, eta Hi bizi haiz hijarri diote izena. «Bere bizipenetatik eta ironiarako gaitasun berezitik sortu du», esan du Gurrutxagak Canoren testuez. «Bertan, jende askok ikusiko du bere burua bertan islatuta». Narrazioaren ahotsak Gurrutxagak berak, Felipe Murillok eta Xanti Agirrezabalak jarri dituzte. Irribarrea eragingo duen tartea da, nahiz eta kasu batzuetan negargura eragiteko moduko egoerak jaso.

Elkarrizketetan kultur diziplina desberdinetako sortzaileak elkarrizketatuko dituzte: idazleak, musikariak, bertsolariak, aktoreak, itzultzaileak, dantzariak, irudigileak, zinemagileak eta abar. «Artistei eman nahi diegu hitza. Arazo komun edo kolektibo asko dituztelako». Eta arazo kolektiboei erantzun kolektiboa ematea dute erronkatzat Lanartean. «Horretarako, ezinbestekoa da ahotsa hartzea, bakoitzak berea, denonak izango diren lan ildoak ontzeko».

Podcastaren gidaria oso eskertuta dago orain arte jasotzen ari diren erantzunarekin. «Badira bere esperientzia eta iritziak gurekin partekatuz parte hartuko dutenak». Hain zuzen ere, prekarietatea nozitzen dutenen ikuspegitik landuko dute egoera, «artisten eguneroko jardunetik».

Mintegia, hilaren 21ean

Ez gatoz Paristik, oraingoz, sei atalez osatua egongo da. «Ez dakigu ziur atal gehiago iritsiko ote diren». Podcastaz gain, beste hainbat lan ildo ditu Lanartea-k esku artean: hilaren 21ean, Euskal Artisten I. Mintegia egingo dute, Oiartzunen (Gipuzkoa), UEUrekin elkarlanean. Bestetik, ogasunei begirako proposamen sorta bat ari dira lantzen, sortzaileen betebehar fiskalak errazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.