Iazko otsailetik da Gaztezulo-ko zuzendari Zuriñe Maguregi (Santurtzi, Bizkaia, 1983). Askotariko lanak egitea egokitzen zaio euskarazko aldizkari horretan.
Ikus-entzunezkoak landu izan dituzue aurretik ere. Zer helbururekin sortu duzue orain Gaztezulo Telebista?
Gure buruan urte bat baino gehiago da Gaztezulo Telebista jaio zela. Ikus-entzunezkoak landu izan ditugun arren, nahi genuen Gaztezulo-k paperetik multimediara jauzi bat egitea. Badakigu harpidedunek paperezko aldizkaria oso gustura jasotzen dutela. Baina ikusten dugu kontsumo ohitura berrietara egokitu behar dugula. Benetako proiektu komunikatibo oso bat egin nahi dugu. Webgune intuitibo bat egin dugu —sakelakoetan erabiltzeko diseinatua—, sare sozialetan indarrak jarri ditugu, eta guk landutako telebista saio bat egin nahi genuen. Taldeko hausnarketetan geundela, «Zer da kultura?» galdera ateratzen zen. Orduan pentsatu genuen Gaztezulo Telebista erabiltzea galdera horri erantzuteko. Hemendik denbora batera ikusten dut mosaiko erraldoi bat, non kultur erreferente bakoitzak adierazten duen berarentzat zer den kultura.
Saioaren formatua berezia da. Aurkezlerik ez dago. Protagonista ageri da hizketan, lehen atalean antzezlan bat interpretatzen ere bai. Saio guztiak ildo horretatik joango dira?
Bai. Iruditzen zitzaigun aurkezleak ez zuela balio erantsirik ematen; horregatik, galderarik gabeko elkarrizketak egitea erabaki genuen. Protagonistei aldez aurretik galderak bidaltzen dizkiegu, hausnarketa prozesu bat egin dezaten. Amancay Gaztañagaren kasuan bezala, protagonistek irakurketa dramatizatuak, kontzertu akustikoak, bat-bateko pinturak edo nahi dutena egin ahalko dute kameraren aurrean.
Kontzertuak badira, lagun bat baino gehiago ager daiteke?
Bai. Planoaren enkoadrea beti mantenduko dugu. Dozena bat lagun ez dira sartuko, baina hiruzpalau musikari azaltzea aurreikusten dugu.
Zergatik aukeratu duzue zuri-beltza?
Estetika jakin bat izatea nahi genuen. Bideoen oihan erraldoi honetan, begiratu azkar batean Gaztezulo Telebistarekin lotuko zen estetika jakin bat lortu nahi genuen. Zuri-beltza aukera bat da,denok plano berean jartzeko.
Maiztasun finkoa izango du saioak?
Horretan saiatuko gara. Lehen txanda honetan, astero saio bat jarriko dugu. Aurrerago, hilean behin egingo dugu saioa. Bestalde, proiektuak izaera esperimentala du, eta gerta daiteke aurrerago irizpideak egokitu behar izatea.
Zerbait berezia egingo al duzue Gaztezulo Telebista Euskal Herriko gazteek ezagutu dezaten?
Ez dugu formatu tradizionaleko aurkezpenik egin. Ikusi nahi dugu ea modu naturalean nola funtzionatzen duen eta nola zabaltzen den. Zabalkundea izatea ere proiektuaren filosofiaren barnean dago. Gaztezulo Telebista artistek euren promoziorako erabiltzea ere nahiko genuke. Normalean, artistek zailtasunak izaten dituzte bideo promozional txukunak izateko.
Harrera ona badu, tokiko telebistetan eta Hamaikan ikusi ahal izatea pentsatu duzue?
Zabalik gaude edonorekin elkarlanean aritzeko eta sinergiak sortzeko. Azkeneko urte eta erdi honetan ikusi dut gogoa eta ideiak badaudela, baina baliabide gutxi. Koordinazio eta elkarlan bat behar da, denok batera arraunean handiagoak izateko.
Nola doa Gaztezulo-ren proiektua oro har?
Badirudi ez dela nahikoa euskarazko eta gazteei zuzendutako argitalpena izatea. Sentsazioa dugu etengabe gure lana proiektu txiki zein handien bitartez justifikatzen egon behar dugula. Gaztezulo Telebistak ez du inolako diru laguntzarik;gure baliabideekin ari gara. Hala ere, martxan jarraitzen dugu, eta ez da gutxi.
Zuriñe Maguregi. 'Gaztezulo'-ko zuzendaria
«Artistek gure telebista euren promoziorako ere erabiltzea nahi dugu»
Gaztezulo Telebista jarri dute martxan, 'Zer da kultura?' galderari erantzuteko asmoz. Maguregik azaldu duenez, «benetako proiektu komunikatibo oso bat» egin nahi dute, papera albo batera utzi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu