Aktorea

Koldo Olabarri: «Nigandik oso urrun dagoen norbait antzeztea gustatuko litzaidake»

Movistar Plusek 'Bellas Artes' telesaila estreinatuko du apirilaren 11n. Olabarrik arte modernoko museo baten komisarioaren rola jokatzen du. Aktore euskaldun gehiago ere badira telesailean.

Koldo Olabarri 'Competencia oficial' filmaren estreinaldian, 2022an. JAVIER LIZON / EFE
Koldo Olabarri 'Competencia oficial' filmaren estreinaldian, 2022an. JAVIER LIZON / EFE
urtzi urkizu
2024ko martxoaren 27a
05:00
Entzun

Haurra zela hasi zen antzerki munduan Koldo Olabarri (Bilbo, 1992). Makina bat filmetan eta telesailetan parte hartu du, eta Bilbo eta Madril artean bizi da.

Ez da egiten arte modernoko museoetan girotutako telesail askorik. Zer pasatu zitzaizun burutik Bellas Artes telesaileko gidoiak iritsi zitzaizkizunean?

Oso gai interesgarria iruditu zitzaidan. Museoetan gauza asko gertatzen dira, eta gauza asko gerta daitezkeen lekuak dira. Bada pelikularen bat museo baten ingurukoa, baina halako telesailik ez nuen ezagutzen. Gai originala da. Eta niretzat bigarren aldia zen zuzendari hauekin lan egiten nuena [Mariano Cohn eta Gastin Duprat]. Museo sofistikatu baten istorioan murgiltzea lan indartsua iruditu zitzaidan.

Cohn eta Duprat zinemagile argentinarrekin Competencia oficial filmean aritu zinen. Andres Duprat telesailaren sortzailea, berriz, arte munduan ibilia da, ezta?

Bai, kontua da Andres Duprat Buenos Airesko Arte Ederretako Museo Nazionalaren komisarioa izan zela urte askoan, eta orain museo horretako zuzendaria dela. Berak idatzi ditu gidoiak, eta lehen pertsonan bizi izandako egoera ugari jaso ditu. Hortaz, fikzioaren egoera asko asmatuak direla uste dugu, baina batzuk benetan gertatutakoak dira. Horrek beste forma bat ematen dio telesailari.

Umore berezia du telesailak. Jendeak barre egingo duela uste duzu?

Bai, zenbait egoerarakin barre egingo du. Telesail honetan ez zara denbora guztian barrez lehertzen, baina ikus-entzuleek barre egingo dute une berezi askotan.

Zure pertsonaia museoko komisario moderno bat da. Jantzietan ere oso modernoa da.

Hain justu, Oteiza izeneko diseinatzaile baten jantziak dira. Ez du [Jorge] Oteiza eskultorearekin zerikusirik, baina moda oso sofistikatua eramaten du bere diseinuetara. Eta telesailean janzten ditudan arropa guztiak hark diseinatutakoak dira. Esango nuke artearekin lotura duela pertsonaiaren janzteko modu horrek.

Pertsonaia osatzeko, ibili al zinen museoetan?

Bilboko Guggenheim museoan buelta pare bat eman nituen, batez ere neure burua sentitzeko horrelako toki batean. Andres Drupatek, berriz, azaldu zidan nolakoa izan den harentzat komisario lana. Museoei buruzko hainbat dokumental ikusi nituen.

(ID_13726119) Koldo Olabarri aktorea.
Koldo Olabarri aktorea. BERRIA
Iruditzen zaizu telesaila ikusten duten herritarrek beste modu batean ikusiko dituztela arte modernoko museoak, haiek bisitatzean?

Gertatu ohi da arte modernoetako museoetan obra asko ez ditugula ulertzen. Agian, telesaila ikusi ostean, irudika dezakegu zerk eraman duen obra bat museo batera. Museoen erabakien inguruan pentsarazi diezaioke ikusleari.

Bellas Artes-en badira aktore euskaldun gehiago: Aitziber Garmendia, Mikel Laskurain, Miguel Garces...

Grabaketetan ezagutu nituen, eta opari bat izan zen niretzat. Laskurain eta Garmendia txikitatik ikusi izan ditut lanean, eta oso polita izan zen haiekin aritzea. Euskal Herritik kanpo, gainera.

Gaztetxoa zinela hasi zinen antzerkian. Nola barneratu zenuen ikus-entzunezkoetarako jauzia?

Oso desberdina da egiteko era. Antzerkiak errepikapena ematen dizu: gauero obra bera da, baina inoiz ez da berdina izango. Antzerkiakesperientzia eman dit, ikus-entzunezkoetan segurtasun handiagoz lan egiteko.

2020an, Altsasu telesailean parte hartu zenuen. Euskaraz telesail gehiago egin beharko lirateke?

Bai, noski. Gure profesioan ulertzen ez den zerbait da gaur egun dagoen egoera. Talentua badago, agerikoa da Euskal Herrian oso zinemagile onak daudela, eta zinemako lan on hori telebistara eta telesailetara eraman daiteke.

Nolakoa izango litzateke zuk amestutako pertsonaia antzerkian edo ikus-entzunezkoetan?

Telesailetan sarri gugandik gertu egon daitezkeen pertsonaiak ematen dizkigute. Niri gustatuko litzaidake nigandik oso urrun dagoen norbait antzeztea.

Zein beste proiekturekin zabiltza orain?

Sagastitarrak antzezlanarekin biran ibili gara, eta pare bat emanaldi gelditzen zaizkigu. Bellas Artes estreinatu osterako ez daukat ezer.

Zein dira zure aktore kutunenak?

Munduan, Ben Whishaw eta Kate Winslet. Eta Euskal Herrian, Patricia Lopez Arnaiz eta Miren Gaztañaga. Azken erromantikoak filma egin berri du Gaztañagak, eta gogoz nago ikusteko.

Hemendik aurrera beste begi batzuekin sartuko zara museoetara?

Zalantzarik gabe, nire ikuspuntua aldatu egin da. Maitasun-gorroto harremana izan dut askotan museoekin. Bellas Artes-en lan egiteko deiaren zain Venezian nintzen, lagun batekin, museo batean. Sentipen bereziak izan nituen han. Handik irten berritan jaso nuen baiezkoaren deia. Eta egun horretan jabetu nintzen oso desberdina dela museo bat jende askorekin bisitatu edo jende gutxirekin bisitatu. Deskubritu dut gehiago konektatzen dudala obrekin jende gutxi baldin badago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.