Arrosa sareak martxoaren 4an egingo ditu topaketak, Errenterian

urtzi urkizu
2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arrosa irrati sareak hamargarren urtez antolatu ditu Euskal Herriko irrati libreentzako jardunaldiak. Aurtengo topaketa martxoaren 4an egingo dute, Errenterian (Gipuzkoa) —Zintzilik irratiak egingo ditu anfitrioi lanak—.

Irrati horren egoitzan egingo dute harrera. Ondotik, tailerrak egingo dituzte Gaztaino auzo elkartean. Mikelazulo kultur elkartean, berriz, mahai ingurua egingo dute honako izenburupean: Irrati libreen legeztatzea: kontrak eta onurak. Zaragozako (Espainia) Radio Topok egin duen txosten mardul bat izango dute abiapuntu, eta Iker Gomez Zintzilikeko kidea arituko da gidari. Ondotik, Zintzilik irratiaren egoitzan Arrosako irratien arteko audionobela bat egingo dute. Bazkariaren ostean, Bingo musikala-z gozatuko dute Arrosako irratien abestiekin.

Topaketan eta bazkarian parte hartzeko, izena eman behar da hilaren 28a baino lehen hertziok@gmail.com helbidean.

Bestalde, aste honetan Arrosak ekoizten duen Zebrabidea magazina eraberrituta eta esatari berriarekin itzuli da. Ekhiñe Zapiain esatariak Antxeta irratiko estudiotik gidatuko du programa hori datozen hilabeteetan, astegunetan, 16:00etatik 18:00etara. Irrati ugarik ematen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.