Iaz bete zituen 20 urte Arrosa irrati sareak. Gesalagak gogoratu duenez, Joxemi Zumalabe fundazioak jarri zuen hazia. Herri mugimenduen topaketa batzuk antolatu zituzten, eta irrati libreen inguruan koordinazio bat antolatzea proposatu zuen. «Orubea prestatu zuten, Arrosa sortu zedin eta bere bidea egin zezan». Era berean, Iparraldean egiten zituzten urte haietan irrati komunitarioen bilerak.
Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren testuinguruan, Arrosa herrian (Nafarroa Beherea) egin zuten sareko lehen batzarra, 2001ean. Dokumentalaren egileek —Hala Bedi irratiko bideo atalekoak eta Gesalaga— lehen batzar hori egin zen tokira joan ziren, irudiak grabatzera. Euskaldunon Egunkaria-n argitaratu zen taldeko argazkia ere erabili dute.
Sarearen sorrera nolakoa izan zen kontatu dute dokumentalean hainbat lagunek. Tartean dira Agus Hernan, Irantzu Jauregi, Aitziber Perez de Karkamo eta Iñaki Etxandi. «Arrosaren sorreran parte hartu zutenengana jo genuen, eta guztiei ilusioa egin zien orduko kontuak gogoratzeak. Jo genituen ate guztiak ireki zitzaizkigun», nabarmendu du Gesalagak. Hala Bedin grabatu zuten.
Ondotik, Martin Ugalde kultur parkean (Andoain, Gipuzkoa) magazin bat egiten saiatu ziren. Horretan aritu ziren Perez de Karkamo eta Mikel Peruarena Ansa. Baina espero zituzten diru sarrera batzuk ez ziren iritsi, eta egitasmo batzuetan atzera egin behar izan zuten. «Bihotza mantentzea lortu behar zen», diote dokumentalean sorreran parte hartu zutenek.
Euskara garrantzitzua izan zen sarea osatzeko, baina baita edukien trukea ere. Gesalagak azaldu duenez, irratien saio trukea izan da Arrosaren elementurik garrantzitsuenetakoa. «Hori egiteko modu erraza webgunea izan da». Horretan ari dira egun.
Arrosan koordinatzaile lanetan aritu direnak mintzo dira dokumentalean; tartean, Jon Aranburu, Ainhoa Villaverde eta Ion Etxebarria. Halaber, Zebrabidea magazinaren sorrera eta ibilbidea jaso dute —horretaz hitz egiten dute Nekane Zinkunegik, Maialen Kortabarriak eta Leocadia Bueriberik—. Azken horrek gidatzen du egun Zebrabidea.
Patxi Gaztelumendik eta Jabi Zabalak, berriz, Irratia.com-en sorrera gogoratzeaz gain, irratia teknologia berrietara nola egokitu duten aipatu dute. Gesalagak argi du: «Etengabe aldatzen ari da irratia, eta garaian garaiko aukeretara ondo egokitu da».
Arrosa sarea 25 irrati librek osatzen dute gaur egun. Denen esku utzi dute dokumentala.